Urria 2026
— 2026-10-29Irakurri 286. zenbakia hemen.

Azaroaren 11 da gaur, greba eguna, eta Zestoan ere goizean goizetik nabaria izan da haren eragina. ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde, Hiru, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deitu dute grebara, espekulazioaren eta errentismoaren aurka eta etxebizitzarako eskubidea bermatzearen alde. Herriko establezimendu eta enpresa gehienek ateak ez irekitzea erabaki dute, eta herriko langile askok ere bat egin dute grebarekin.
Hainbat herritar 08:00etan elkartu dira plazan, eta herrian nahiz industrialdean barrena ibili dira piketeak egiten. Zabalik zegoen Bainuetxean ere geldialdia egin dute, eta barrura sartu dira. Horrez gain, Laranjadi plazan etxebizitza baten eta logela baten irudikapenak egin dituzte, egungo etxebizitzaren arazoa eta prezio altuak salatzeko.
Zestoako Udalari dagokionez, aurrez jakinarazi zuten moduan, udaleko langileek bat egin dute grebarekin, eta udal instalazio eta eraikin guztiak itxita daude: udaletxea, kiroldegia, liburutegia, Kultur Etxeko bulegoak eta gaztelekua.
Goizean zehar mobilizazioek jarraipena izan dute. Dozenaka herritar Gurutzetik abiatu dira autoz, Donostian 12:30ean hasi den manifestazioan parte hartzeko. Arratsaldean ere mobilizazioek jarraipena izango dute herrian. 18:00etan manifestazioa abiatuko da plazatik.










