Albisteak

Ekintzaz beterik datoz aurten ere Zoroperiak

Gabon festen bueltan, ospakizun egun handia izaten dugu herrian abenduaren 26an: Zoroperi eguna. Eguberri biharamunean, ohi bezala, herritarrak baserritar jantzita egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera izango dute. Zestoako Udalak jakinarazi ditu dagoeneko aurten izango diren ekintzak.

Idiakaitz txistulari taldearen dianarekin hasiko da festa, eta hainbat lehiaketa izango dira goizean zehar: barazki eta fruta lehiaketa, ezti lehiaketa eta sagardo lehiaketa. Talogileak eta herriko zein kanpoko artisauen salmenta-postuak ere ez dira faltako. Musika eta dantzak alaituko dute eguerdia herriko trikitilarien eta Itxaropena dantza taldearen eskutik. Gazte Asanbladak antolatuta, bazkaltzeko urteroko baba-jana izango da Gaztetxean.

Arratsaldean, Vamos al frontón abestiaren doinuetara egindako kalejiraren ondoren, kirol ikuskizuna izango da, Abantzu Pilota Klubak antolatuta. Bien bitartean, txikienek magia eta pailazo ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute. Eguna bertso-poteoarekin eta Obaneuke erromeria taldearen kontzertuarekin amaituko da.

Hona hemen Zoroperi eguneko egitaraua osorik:

10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
XXXIV. Barazki eta fruta lehiaketa.
Urolako XXVI. Ezti lehiaketa eta erlezaintzari buruzko beste ekitaldi batzuk:
Erlea, erlezaintza eta erlauntza produktuen erakusketa didaktikoa. Azalpenak 12:30etik aurrera.
Erlauntzako produktuen dastaketa.
XXV. Zestoako Sagardo lehiaketa.
Horiez gain, Segurako talogileak, herriko eta kanpoko artisauak eta salmenta-postuak.
11:00. Ertxiña musika eskolako trikitilariak, kalejiran.
12:15. Herriko trikitilarien doinura Itxaropena dantza taldeko gaztetxoak eta helduak plazan arituko dira dantzan. Herritar guztientzat irekia izango da dantza saioa.
Zestoako trikitilarien emanaldia, plazan.
12:45. Barazki eta Fruta, Ezti, eta Sagardo lehiaketatako sari banaketak.
Ondoren, Sagardoa dastatzea, plazan.
18:00. “Magiklown” magia eta pailazo ikuskizuna Kultur Etxean.
17:15. Denok kiroldegira kalejiran txarangarekin.
Ondoren, Herri kirol eta pilota jaialdia, Abantzu Pilota Klubak antolatuta.
– Abantzu eta Zestoa taldeen arteko lehia. Egin beharreko lana: harri-jasotzea, 15 kiloko zakua eramatea eta lokotx biltzea. Partaideak: Abantzu: Udane Ostolaza, Mikel Zabala, Julen Unanue, Naroa Agirre; Arrita. Zestoa: Elene Ostolaza, Alex Uranga, Xuban Zigaran, Lidia Peña.
– Ondoren, Udane eta Eleneren erakustaldia harri-jasotzen.
– Pilota partida hasi aurretik, Abantzu pilota klubeko Naroa Agirreri eta Jon Alberdiri eskerrona adieraziko zaie. Euskal Pilota Selekzioak 36 metrotako Nazioen Liga txapelketan lortutako emaitzagatik. Han Naroak urrezko domina lortu zuen. Jonek, berriz, entrenatzaile gisa lan bikaina egin zuen.
– Pilota partida: Txapei – Aizpuru / Sasiain – Elizegi
19:15. Bertso-poteoa Erniarraitz taldeak antolatuta: Amets Arzallus eta Aitor Salegi.
19:30. Obaneuke erromeri taldea, udaletxeko arkupetan, afalordura arte.
22:30. Obaneuke.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide