Albisteak
[ELKARRIZKETA] Rodeo taldeko kideak ‘Bide Galduak’ biraren inguruan
— 2018-09-06Larunbateko protagonistetako batzuekin izan gara, Rodeo taldeko Beñat Subinas eta Mikel Illarramendirekin. Uda guztian zehar kontzertuz kontzertu dabiltza Bide Galduak biraren baitan. Biraz eta musikaz hitz egin dugu ondorengo elkarrizketan:
Noiz hasi zenuten Bide Galduak tourra?
Joan den urteko martxotik gabiltza buru belarri kontzertuak eskaintzen. Hilean pare bat emanaldi egiten genituen. Uda zetorren eta garai horretarako kontzertu gehiago genituen, hilean hiru edo lau. Uda inguruko kontzertuak Bide Galduak biraren baitan izatea erabaki genuen. Ziurrenik, irailean amaituko dugu bira, Bartzelonan.
Zergatik Bide Galduak?
Benito Lertxundiren Gure Bide Galduak abestiaren moldaketa bat egin genuen. Kontzerturo jotzen dugu kanta hori eta hortik dator Bide Galduak biraren izena.
Ze kanta ari zarete jotzen bira honetan?
Kontzertuetan, orain dela urte eta erdi atera genuen diskoko kantak, sorkuntza berriak eta bertsioak jotzen ditugu. 50 minutu inguruko saioa eskaintzen dugu, 10 abesti ingururekin.
Saioaren arabera, kanta ezberdinak jotzen ditugu. Festa giroan bagaude, abesti mugituagoak aukeratzen ditugu eta areto txikiago batean bagaude, kanta “anbientalagoak”. Askotan, egun eta tokiek kanten aukeraketa zehatz bat eskatzen digute.
Zein izan da orain arteko birako kontzerturik garrantzitsuena?
Madrilgoa oso ona izan zen, esperientzia bikaina. Beste behin Galizian ere izan ginen eta kanpoan jo izan dugun guztietan oso erantzun ona jaso dugu. Madrilen jo genuen egunean, hirian beste mila kontzertu eta musika jaialdi zeuden, ez zen egunik egokiena. Hala eta guztiz ere, uste genuena baino jende gehiago etorri zen eta harrera ona izan genuen. Oso ondo pasa genuen, baita ikusleek ere.
Non gustatuko litzaizueke kontzerturen bat eskaintzea?
Gure musika estiloko taldeek jotzen duten Ameriketako jaialdiren batean. Hemen inguruan gure gustuko talde internazional baten telonero izatea ere ederra izango zen.
Musikaren munduan erreferenterik ba al duzue?
Momentuak edukitzen ditugu baina gehien bat musika instrumentala egiten duten taldeak dira gure erreferente: Toundra, My Sleeping Karma , Kyuss, Truck Fighters, Karma to burn…
Zenbatero biltzen zarete?
Udan gutxiago baina bestela, kurtsoan zehar, astearte eta asteazken gauetan. Beharra izanez gero, igande arratsaldetan ere biltzen gara, zerbait grabatu edo diskorako zerbait probatzeko.
Bira amaitutakoan…
Urrian estudioan sartuko gara. Gaztain estudioetan gure bigarren diskoa grabatuko dugu hilabete guztian zehar. Ez dakigu noiz kaleratuko dugun, ondo pentsatu beharreko zerbait da. Gure helburua, diskoa kaleratu ondoren, ahalik eta aurkezpen kontzertu gehien izatea da.
Argazkia: Eider Iturriaga
Egin zaitez bazkide