Albisteak
[ELKARRIZKETA] Txepetxa Aisialdia KM0 Elkartea herritarren parte-hartzetik sortutako ekimena
— 2025-01-14Joan den urtarrilaren 9an, Udalak Arroabean deitutako auzo batzarrean, Txepetxa Aisialdia KM0 Elkartea aurkeztu zen. 2024an OinHerri elkartearekin eta Ezkaizto Auzo Elkartearekin elkarlanean auzoak garatutako partaidetza-prozesu baten emaitza da elkarte hau.
Prozesu horretan zehar, Arroabeko eragile ezberdinek elkarlana egin zuten auzoko beharrak identifikatzeko, eta hainbat lantalde sortu ziren. Talde horietako bat, Aisialdia KM0, Arroabean aisialdiko eta denbora libreko jarduerak sustatzeko sortu zen eta horren emaitza izan da aisialdi-taldea.
Elkarrizketa honetan, Txepetxa Aisialdia KM0 Elkartearen sortzaileekin hitz egin dugu, ekimenaren jatorria, aurre egin dieten erronkak eta proiektu honen etorkizunerako dituzten ilusioak partekatzen baitituzte gurekin.
1. Nola sortu zen Txepetxa eratzeko ideia Arroa Behean izandako parte-hartze prozesuan? Nortzuk zarete sortzaileak? Aurkeztu zuen burua:
Txepetxa Aisialdia KM0 Elkartea, Arroa Behean izandako parte-hartze prozesuan sortu zen ideia da. Herrian aisialdi elkarte bat sortzeko beharra identifikatu genuen, auzoko belaunaldi ezberdinen artean harremanak eta elkarlana sustatzeko. Prozesu horretan, herriko eragile desberdinek elkarrekin lan egin genuen aisialdiaren arloan, eta elkartearen sorrera, batez ere, Udaletxearen eta OinHerriren laguntzari esker gauzatu ahal izan da.
Sortzaileok, gazteak izanik, prozesu parte-hartzailean parte hartu genuen, eta elkartearen sorreraren arduradunak Ane Guridi, Eliane Ruiz eta Jaione Aristondo gara.
2. Zergatik iruditu zitzaizuen garrantzitsua proiektu hau auzotarrek, auzotarrentzat sortzea?
Lehenik eta behin, herriko beharrak eta interesak hobeto ulertzeko aukera ematen du, hala nola aisialdiaren alorrean dauden hutsuneak edo aukerak.
Bestetik, herriko eragile desberdinek elkarrekin lan eginez, bizigiroan eragina izan nahi dugu eta herriko giroa hobetzea lortu nahi dugu. Herritarren parte hartzeak, elkartearen jarraipena eta etorkizuna bermatuko ditu, izan ere, euren beharrak eta nahiak zuzenean entzun eta errespetatu nahi dira.
Azkenik, proiektu honen bidez, herrian sortzen diren dinamika berrietan, gazteek eta herritarrek elkar ezagutzeko eta elkarrekin aritzeko aukerak bilatuko dira. Horrela, herritarrek proiektuak euren komunitatean eragin positiboa izango duela sentitzea nahiko genuke eta honek guztioi proiektua aurrera eramateko.motibazioa emango digula sinesten dugu.
3. Zer esan nahi du zuentzat aisia denbora-pasa hutsa baino gehiago izateak?
Aisiak harreman pertsonalak eta komunitarioak sustatzen ditu, eta elkarbizitza hobetzeko funtsezko garrantzia du. Aisialdiaz baliatuz, gure helburua ez da bakarrik haurrak entretenitzea, baizik eta haien artean harremanak sortzea, euskarazko elkarrizketak bultzatzea eta herriko komunitatea indartzea.
4. Nola espero duzue Txepetxaren jarduerek auzoko haurrengan eragina izatea?
Txepetxaren jardueren bidez, auzoko haurren artean harreman sozialak eta auzoarekiko lotura sustatzea espero dugu. Haurren artean elkarrizketa eta lankidetza bultzatuz, euskarazko elkarbizitza indartzea eta ingurunearekiko konpromiso handia izatea lortu nahi dugu. Eragin hau luzaroan sentituko dela uste dugu, haurren arteko interakzio eta esperientzien bidez, lotura sendoagoak eraikitzen direlako.
5. Nola sustatuko dituzue belaunaldien arteko harremanak zuen jardueretan?
Belaunaldien arteko harremanak sustatzea Txepetxaren helburu nagusietako bat da. Herriko aisialdi taldean parte hartzen duten haurrek gure gidaritzapean antolatutako jardueretan parte hartzeko aukera izango dute. Jarduera horiek belaunaldi ezberdinen arteko elkar ulermena eta elkarlaguntza indartzeko pentsatuta daude, esperientziak partekatuz eta harreman berriak sortuz.
6. Zer rol dute familiek eta auzoko beste kide batzuek proiektu honetan?
Familiek eta herriko beste kideek rol garrantzitsua betetzen dute Txepetxaren proiektuan. Haiek gure jardueren parte dira, bai ikusle gisa, bai parte-hartzaile aktibo gisa. Familiek eta herriko eragileek beharrak eta interesak partekatuz, elkartearen egonkortasuna eta jarraipena bermatzen lagunduko dute. Gure lana ez da soilik gazteei zuzendua; herri osoa hartzen dugu aintzat, elkarbizitza sustatzeko eta guztien parte-hartzea bultzatzeko helburuarekin.
7. Ze aisialdi-jarduera mota egiteko asmoa duzue?
Aisialdi-jarduera mota anitzak egiteko asmoa dugu, hala nola: sormen tailerrak, kirol-jarduerak, antzerki, dantza eta musika saioak, jolasak, eta baita euskararen erabilera bultzatuko duten jarduerak ere. Guk, dinamizatzaile bezala parte hartuko dugu jardueretan, eta eskolako eta herriko agenda eta beharrak kontuan hartuta, jarduera egokiak sortu eta bideratuko ditugu.
8. Zein dira Txepetxaren bitartez transmititu nahi dituzuen balio nagusiak?
Txepetxaren bidez, balio garrantzitsuak transmititu nahi ditugu, hala nola: elkarlana, errespetua, parte-hartzea eta euskararen erabilera indartzea. Elkartea errespetuzko bizikidetzan eta elkarrekiko laguntzan oinarritzen da, eta hori lantzen saiatuko gara gure jardueren bidez.
9. Zer erronka aurkitu dituzue proiektu hau martxan jartzean eta nola egin diezue aurre?
Proiektu hau martxan jartzean aurkitu ditugun erronketako batzuk; elkartea sortzea, proiektuarekiko konpromisoa eta pazientzia, eta batez ere, jendearen parte-hartzea ziurtatzea izan dira. Horretarako, Udaletxearen eta Gazteria Teknikariaren laguntza osoa jaso dugu. Era berean, gazteok elkarrekin lan eginez eta parte-hartzaileei zerbitzu eta aukera egokiak eskainiz, erronkei aurre egiten jakin dugu.
10. Nola irudikatzen duzue Txepetxaren etorkizuna eta zein helburu lortzea espero duzue datozen urteetan?
Txepetxaren etorkizuna argi ikusten dugu. Aisialdi espazio eta ekintzak indartu nahi ditugu, eta herriko gazteen eta haurren arteko parte-hartzea bilatzen dugu. Hemendik aurrera, Txepetxa herriko eragile guztien artean lotura eta lankidetza indartzeko bidea izango da, eta gure helburua izango da aisialdiari lotutako proiektuak sendotzea, herriko komunitatea hobetzea eta elkarbizitza sustatzea.
Egin zaitez bazkide