Gerra kulturala diskurtso faxistari, U-25 Bilbora!

Tendentzia kezkagarriak ageri zaizkigu munduan zehar: gure muturren aurrean herri oso baten genozidioa ikusten ari gara gure pantailetatik, inpotentzia eta amorruak gain hartu ez gaitzan sufrimenduarekiko intsentsibilizazioa nagusitzen zaigularik defentsa mekanismo modura; gerra danborrak entzuten ditugu uneoro, ekialdetik mehatxatzen gaituzten ustezko tiranoen aurkako apologeta sasidemokraten partetik, mendebalde jatorreko jauntxoei beren benetako aurpegi tiranikoa azaleratzen zaien bitartean; natura bera, bere mugetara iristen ari dela ari zaigu oihuka, krisi energetiko, ekologiko eta klimatikoaren forman, balentziako langileriak beren azalean sufritu berri duten moduan.

Kapitalismoaren krisi zibilizatorio honen aurrean zenbaitek pentsa genezake, jendearen mentalitatea, aurpegian jotzen ari zaizkiolako bada ere, sistemaren mugen kontziente egin eta nolabaiteko postura antikapitalistetara hurbilduko zela. Errealismo kapitalista ordea, uste baino barneratuago dugu gure subjektibitate alienatuetan. Fisherrek zioen moduan eta hain gogoko ditugun serie distopiko posapokaliptikoek erakusten duten moduan, errazagoa zaigu munduaren amaiera irudikatzea kapitalismoaren amaiera baino. Are gehiago, beren buruari antikapitalista deitu edo, beintzat, kapitalismoaren gehiegikeriei mugak jartzera zetozenak desastrearen kudeatzaile bihurtu direnean.

Sozialdemokrazia zahar eta berriaren porrot historikoak, bizi dugun egoera beldurgarriarekin batera, bere pribilegioak galtzen ari den klase ertaina erreakzioa eta faxismoaren besoetara bota du bete betean. Izan ere, lehendik ere meritokraziaren diskurtso faltsuan murgildurik zegoen mendebaldeko klase ertaina. Bere ongizatea, errealki periferia inperialistako gerra eta miseriaren nahiz komunismoaren mehatxuaren gainena eraikia, bere lan eta esfortzuaren ondorio soil bezala ikusten zituen. Ikuskera honi pauso txiki bat soilik falta zitzaion, pobrea nahikoa sakrifikatu ez den alfer moduan seinalatu eta honekiko gorrotoan erortzeko. Horrela, galtzen ari den ongizate hau mehatxatzen duena, langileriaren kapa zapalduena bihurtu da klase ertainaren ikuskeran. Egoeraren erantzulea jada ez da sistema kapitalista, ezta gainean dugun elite burges boteretsua ere. Erantzuleen bila gora begiratu beharrean, behera begira jarri da mendebaldeko klase ertaina. Etsaia pobrea, migrantea, emakume langilea, langile transa, langile arrazializatua… bihurtu dira. Lehen ere zapalduen ziren langileak, zeinengandik gero eta hurbilago ikusten duen bere burua klase ertainak, bihurtu ditu etsai diskurtso faxistak.

Honen aurrean ezkerrak, gerra kulturala galdutzat emanda, gero eta erreakzionarioagoa den zentzu komunera hurbildu eta diskurtso faxistaren elementu eta neurri asko bere egin ditu, zentzu komun honen faxistizazioan sakonduz. Ezkerreko gobernu espainiarra izan zen 2022an Melillako mugako sarraskia aurrera eraman eta txalotu zuena, langile mugimendu eta mugimendu sozialetan poliziak infiltratzen ari dena, Mendebaldeko Sahara monarkia Marokoarraren eskuetan utzi

duena, propaganda hutsalen gainetik bere polizia etxegabetzeak egitera bidaltzen duena, mozal legea deiturikoa martxan mantentzen duena, okupazioaren aurkako ofentsiban sakontzen duena, genozidio betean Israelekin bere harreman guztiak mantentzen dituena, bere polizia desokupazio enpresa faxistekin elkarlanean jartzen duena… Esku batekin faxismoa gelditzeko botoa eskatzen diguten bitartean, bestearekin ateak irekitzen dizkiete diskurtso eta neurri atzerakoiei. Horrela mentalitate erreakzionarioa erresistentziarik gabe zabaltzen ari da gure gazteengan, influentzer faxista eta bere kontserbadurismoa gero eta gutxiago ezkutatu behar duten boomer sozialdemokrata akonplejatuen artean.

Euskal Herrian, askok uste zutenaren aurka, ez gaude tendentzia atzerakoi internazional honengandik libre. Askok aldarrikatu duten Euskal DNA antifaxistarik ez dela garbi geratzen ari zaigu. Egunen batean, euskal nazionalismo konbatiboena euskal langileriaren askapen sozialaren aldeko borrokari eta ideia erreakzionarioak espainolismoari lotuta agertzeak euskal faxismo autoktono baten azaleratzeari mugak jarri bazizkion, nazio askapen mugimenduaren amaierak atzean laga ditu muga horiek ere. Euskal zentzu komunaren faxistizazioaren adibide gordinak ari gara ikusten: Iritsi da eguna non migratzaileen kontrako aldarriak euskaraz eta lauburuarekin agertzen zaizkigun, indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoak normalizatzen ari zaizkigu, Donostian talde protofaxista nazkagarriek zapalduenekin elkartasuna antolatzen zutenak erasotu zituzten, hainbat herritan eraso arrazista eta xenofoboak ugaritzen ari dira, Zestoan bertan eraso arrazista bat izan genuen azkenengo festetan, eta euskal faxista nahiz espainolistak etorri zitzaizkigun gaztetxearen aurka lehengo urtean. Orain arte diskurtso erreakzionarioari inpermeabilizaturik ageri zitzaigun ezker abertzalearen inguruan ere, zenbait pertsonaia diskurtso xenofoboekin artikuluak idaztera ausartu dira, euskal gizartean diskurtso erreakzionarioa zenbateraino sartu zaigun erakusten duen adibide garbia.

Diskurtso erreakzionario honen aurrean, garbi dago, jarrera antifaxista garbi bat aldarrikatzen dugunoi, desastre kapitalistaren aurrean sistemaren gainditze askatzaile bat aldarrikatzen dugunoi, komunistoi, korrontearen kontra igeri egitea tokatzen zaigula. Baino Donostiako adibideak garbi erakutsi digu, diskurtso eta jarrera hauei aurre egin behar zaiela beraien zabalpena geldiarazi nahi badugu. Kapitalismoa bere osotasunean inpugnatu eta diskurtso faxistari aurre egingo dion alternatiba politiko errealaren faltan, basakeria kapitalistaren aurrean babesgabe dago langileria. Gerra kulturala da tokatzen zaiguna, fronte guztietan faxismoaren aurrean lehen lerroan kokatu eta desastrearen benetako erantzuleak seinalatu behar ditugu. Bere miseriaren erantzuleen bila dabilen langileriaren begirada, behetik gora mugitu behar dugu. Pobreari, migranteari, emakume langileari… bideratu beharrean, gerra eta miseriara kondenatzen gaituen sistemari, bere defendatzaile diren enpresari eta politikariei eta faxistei beraiei zuzendu behar diogu gorrotoa, eta borroka horretan burkide egin faxistek etsai moduan seinalatzen dituztenak. Ez gaitezen etsaiz nahastu. Basakeria faxistaren aurrean, sozialismoaren autuan berretsi eta berau hegemoniko egin arte kontzientziak astintzea dagokigu. Bide

horretan, urtarrilak 25ean zita garrantzitsua dugu Bilbo eta Iruñeko kaleetan, GKSk deiturik. Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide