Paperekoa
[ELKARRIZKETA] Zestoa Futbol Taldean ezkutuko lanetan
— 2025-06-20
Urtebete da Iraetako futbol zelaian zuzendaritza berria lanean hasi zela. Beste alor askotan bezala, honetan ere kanpotik ez da askotan jakiten zein diren horrelako klub bateko zereginak. Klubaren eguna antolatzen ari dira maiatzaren 31rako, eta horren harira, zuzendaritzako kide batzuekin elkartu gara denboraldiaz, eginkizunez, asmoez eta etorkizuneko erronkez hitz egiteko.
Zortzi lagunek osatzen dute gaur egun zuzendaritza: Jonmi Olmos informatikaria da, lan administratiboak egiten ditu. Taldeak koordinatzeko lanetan ere jarduten du, batez ere ordutegiak antolatzen, jokalarien fitxak egiten, azterketa medikoak bideratzen… Anselmo Astiazaran, lehendakariordea da, eta batez ere harreman lanak egiten ditu. Bere esperientzia oso baliagarria omen da taldean. Jose Luis Ugarte, “Pepelu”, diruzaina da; aholkuraritza eta ordainketa kontuak egiteaz arduratzen da. Mikel Etxeberria, berriz, idazkaria da, eta bera arduratzen da udalarekiko harremanez. Julen Uranga eta Gotzone Arriaga laguntzaileak dira, eta futbol zelaiko tabernaz ere arduratzen dira. Taldekideen esanetan, izugarrizko ekarpena egiten dute giroa berotzen, eta horrek auzoari ere bizitza ematen diola nabarmendu dute Iraetan bizi diren zuzendaritzako bi auzotarrek. Jose Minguez, laguntzaile izateaz gain, infantilen bigarren entrenatzailea ere bada, Dani Peñasekin batera. Azken hori da klubeko lehendakaria.
Klubaren Eguna, maiatzaren 31n
Berrikuntza batekin datoz direktibako kide berriak; aurten, lehen aldiz, Klubaren Eguna egingo dute Iraetako futbol zelaian. Antolatzaileen arabera, “oso garrantzitsua da klub bezala denak elkartu eta horrelako egun bat ospatzea”. Gaur egunean ari direnez gain, orain artean klubean lan egin dutenak izan nahi dituzte gogoan, eta denentzat aitortza bat izan nahi du egun berezi horrek. Goizean, taldeetako entrenatzaileei eskerrak eman eta sailkapen nahiz lorpenak jakinarazteko ekitaldi xumea egingo da. Aurten, babesleen iragarkiak eguneratu dira, eta haiei ere eskerrak eman nahi dizkiete zuzendaritzako kideek. “Horrelako taldeetan, ikusten ez diren gastu asko daude, eta babesle horiek gabe gauza asko ezingo lirateke egin” diote. Egunak festa usaina izan dezan, musika eta haurrentzako puzgarriak ere izango dira.
Antolatzaileek gaineratu dute beren nahia dela egun hau tradizio bihurtzea eta urteen poderioz indarra hartzen joatea. Azpimarratu dute, baita ere, ate irekiak izango direla, eta, beraz, jende guztia dagoela gonbidatuta, futbol talderen bateko kide izan, edo ez.
Zelaiko giroa piztea helburu
Futbol zelaiko giroaz galdetuta, direktibako kideek uste dute urteen poderioz pixka bat “itzalita” zegoela, bai kluba bera, bai zuzendaritza, eta baita partida egunetan futbol zelaian sortzen zen giroa ere. Giro hori berotzea izan dute aurreneko urtebete honetako erronkarik nagusia, eta pozik daude lortutakoarekin. Garai bateko Zubiaurreko giroa gogoan, jende gehiago erakarri nahiko lukete, ordea, zelaira. Zuzendaritzan sartu zirenean baino jende gehiago joaten omen da jada, baina oraindik ere gehiago joatea nahiko lukete, eta klubeko kamiseta jantzita eta bufandarekin bertaratzeko deia egin dute. “Guretzat harrotzekoa da futbol zelaia afizionatuz beteta ikustea. Guk egin duguna gutxienekoa izan da; zelaira joaten den jendeak jartzen du gehiena” diote
Denentzat lekua izango duen zelaia
Inor kanpoan utzi gabe, zuzendaritzaren bigarren erronka da ahalik eta talde gehien aurrera ateratzea. Horren harira, nesken taldeei buruz galdetuta esan digute denboraldi honetakoa tristea izan dela beraientzat; izan ere, nesketan kadeteen taldea bakarrik egon da. “Aurten, kadete batzuek utziko ote duten beldurrez, jende bila hasita gaude jada” diote. Infantil mailan taldetxo bat badela aurreratu dute, eta kadete mailan ere jokalariak konbentzitu nahian dabiltzala taldea osatu gabe gera ez dadin.
Aurreko denboraldian inguruko klubetara jo zuten jokalari bila, eta aurten ere ez dute baztertzen hori egitea. Preferente mailako taldearekin ere gauza bera egin nahiko lukete. Denboraldi honetan ez da talderik izan, eta behin katea haustean zailagoa izaten omen da gero berriro hastea, baina jada hasita daude hurrengo denboraldirako jokatzeko prest dauden jokalariak zenbatzen eta falta direnak nondik eta nola osatu aztertzen. Diotenez, nahiago dute taldea osatzeko kanpoko jokalariak ekarri talderik sortu ez delako bertakoak kanpora joatea baino.
Ekonomia eta aurrera begirako asmoak
Esfortzu ekonomiko handia egin du klubak kuota ahalik eta txikiena izateko. Helburua izan da kuota ahalik eta txikiena mantendu eta finantzabide berriak lortzen saiatzea; babesleak, errifak… Kuotak ordainduta gastu orokorren % 40 soilik estaltzen da; beste guztia klubak jartzen du: fitxak urtetik urtera garestiagoak dira, mutualitatea, entrenatzaileei ordaintzen zaiena, gasolina, material guztia. Kuoten ordainketei jarraipen txukuna egiten ere saiatu dira, eta arazo ekonomikoak dituztenei konponbideak eskaintzen.
Aurrera begirako lan eta asmoei buruz galdetuta, zelaiko belarra aldatzeko premia izan da denek aho batez aipatu dutena. “18 urte ditu oraingo belar artifizialak eta normalean 14 urteko bizia izaten dute” diote. Udalean eskaera egina omen dute, baina han esan diete “itxoin” egin beharko dutela; izan ere, 200.000 euro inguruko aurrekontua du belar berriak. Direktibako kideen esanetan, zelaiko belarra egoera kaskarrean egoteak lesio kopuruan eragin du, eta beldur dira urte batzuen ondoren federazioak galarazi egingo ote dien han partidak jokatzea horretarako baldintzarik betetzen ez delako. Zuzendaritzako kideak prest agertu dira Foru Aldundiarekin, Federazioarekin edo Errealarekin hitz egiteko. Hor laguntza “seguru” izango dutela uste dute. Eskaera, ordea, Udalak egin behar du, eta dirua ere berak jarri behar du.
Hurrengo denboraldian Zestoako Futbol Klubak 50 urte beteko ditu, eta, zuzendaritzako kideen ustez, polita litzateke ordurako zelai berria jartzea.
Oihane Goikoetxea
Egin zaitez bazkide