Paperekoa

[ENBIDOA] Etorri da azpeitiarra

Etxean nengoen lasai-lasai, eta zer eta, ustekabean, enbido bat heldu zait Ameriketatik. Gaizka Kortadik engainatu nau, eskerrak gizon jatorra eta lagun bikaina den! Eta, nola ez, oroitzapen asko etorri zaizkit burura!

Burura etorri zaidan lehenengo oroitzapena 2011. urteko futboleko talde zoragarri hura da. Zeinen gazteak ginen eta ze ondo pasatzen genuen! Kamiseta zuri-beltza jantzi eta Uztapide tabernara joaten ginen ebakia hartzera; gero, Lau Iturriko aldapa jaitsi eta Zubiaurrera. Talde bat eta herri bat, denak batera.

Garai hartan, etxeko partida guztiak larunbatetan, arratsaldeko hiru eta erdietan, jokatzen ziren. Taldeko hiru jokalari lehenago joaten ziren futbol zelaia mangera batekin busti eta karearekin margotzera. Gogoan dut egun batean futbol zelaia bustitzen hasi nintzela, eta aurkariek hura ikusita hau esan zuten: “Hoy el capitán no juega porque está regando el campo”. Orduan, nik eskuak garbitu, ekipazio zuri-beltza jantzi, eta dana ematera atera nintzen partidura.

Batzuetan ametsak egia bihurtzen dira, eta Zestoan bete zen: hirugarren mailara igo ginen. Txokoan ere ibiltzen ginen sarritan esku pilotan Antselmo, Kixkurra, Ostolaza eta beste hainbat aurkarri gogorren aurka. Aurkariak bai, lagun handiak ere bai. Zortzi txapel irabazi nituen Txokoko Txapelketan, ohore handi bat zestoar batentzat!

Gaur egun Azpeitian bizi naiz, andre eder eta alaba zoragarri batekin. Hala ere, ekaina iristen denean, beti galdetzen dut nork irabazi duen Txokoko Txapelketa. Zergatik ote da? Azpeitian “zestoarra” deitzen didate, eta Zestoan “etorri dek azpeitiarra” esaten dute. Nongoa naiz orduan? Nik garbi daukat, eta zuek?

Amaitzeko, nire enbidoa bost edo sei txapel dituen eta oraindik gaztea den Adonisi pasatuko diot. Animo, Adonis, besarkada handi bat eta ekainean ikusiko gara, txapeldun!

Jon Lizaso Ipintza




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide