Albisteak

Erregional Preferente mailara igo da Zestoako gizonezkoen taldea

Zestoa Futbol Taldeko gizonezkoen lehen taldeak Erregional Peferente mailan jokatuko du datorren denboraldian. Gipuzkoako Federazioak denboraldia amaitutzat eman duela jakinarazi du eta ondorioz, igoerak errespetatuko dituela. Denboraldi txukuna egiten ari zen aurten Zestoako taldea eta igoera fasea jokatzen ari ziren. Bigarren postuan zeuden eta hori dela, maila bat gorago jokatuko dute datorren denboraldian.

Berdaitz Landa zestoarren entrenatzaileak azaldu digu denbora dezente zeramatela berri baten zain eta azkenean iritsi dela. “Urte guztiko lan baten emaitza izan da, egoera arraro zamarra da baina oso gustura gaude. Denboraldi guztian erregularrak izan gara eta merezimendu handia izan dugula uste dut, justua ez dakit, oraindik liga bukatzeko zegoelako baina urte guztiko erregulartasunaren emaitza izan da eta oso gustura nago horrekin”.

Bi aspektu nabarmendu nahi izan ditu Landak: batetik, momentuan momentukoa eta tokian tokikoa egin dutela eta bestetik, gutxi jokatu duten jokalariek erakutsi duten edukazio eta errespetua. Jokalari horiek egunetik egunera hobetzeko gogoa azaldu dutela azpimarratu du Landak eta nahiz eta gutxi jokatu, gogor entrenatu dutela. “Garrantzitsua izan da gutxi jokatu duten jokalariek erakutsi duten jarrera, gero talde bezala helburua lortzeko gai izan gara”.

Bestalde, klubeko zuzendaritzako kideek igoerarekin “oso gustura” daudela esan dute. “Ez da guk nahi genuen bezala izan, futbol zelaian izatea nahiko genuke baina egoera dena da”. Orain ospatu ezin badute ere, egoera bere onera itzultzean ospakizunen bat egingo dutela azaldu dute.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide