Albisteak

[ARGAZKIAK] 200 lagun inguruk parte hartu dute V. Beñat Benantxio ibilaldi neurtuan

Beñat Arrue eta Benantxio Irureta mendizaleen oroimenezko bosgarren ibilaldi neurtua egin dute gaur Aizarnan. Bi aizarnarrak gogoan, aurten ere bi ibilbide izan dituzte aukeran parte-hartzaileek: 25 kilometroko ibilbide luzea eta 10,4 kilometroko ibilbide motza. Guztira, 200 lagun inguruk parte hartu dute; 130 inguruk ibilbide luzea egin dute, eta 70 inguruk, berriz, motza. Eguraldia lagun, mendiaz gozatzeko giro paregabea izan dute mendizaleek.

Kirola egiteaz gain, elkarrekin bazkaltzeko aukera ere izan dute parte-hartzaileek. Izan ere, ibilaldiaren ostean, mendizale ugari elkartu dira Aizarnan bertan antolatutako bazkari herrikoian.

Aizarnako Herri Elkarteak, Agiro mendi klubak eta Zestoako Udalak 2016an antolatu zuten lehen aldiz Arrueren eta Iruretaren omenezko mendi ibilaldia. Harrezkero, bi urtean behin egin dute, 2020an izan ezik, urte hartan bertan behera utzi behar izan baitzuten koronabirusaren pandemiaren ondorioz.

Beñat Arrue 2001eko urriaren 17an hil zen Pumorin, beste lau mendizalerekin batera. Benantxio Irureta, berriz, Aneton hil zen, 2013ko maiatzaren 4an.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide