Paperekoa

[ERREPORTAJEA] Irtenbidea geure teilatuan dago

Bi urte pasa dira Argiola Energia Berriztagarrien Komunitatea jendaurrean aurkeztu zenetik. Hasiera horretan agindu moduan, energia murriztearen edota iturri berriztagarrien inguruko kontzientziazioan eta ahalduntzean sakontzen dihardute, barrutik hasi eta herritar guztiengana iristeko asmoz. Bide horretan, hainbat ekintza antolatu ditu taldeak, hala nola trantsizio energetikoarekin lotutako hitzaldiak, energia fakturak ulertzeko tailerrak edota haietan aurrezten laguntzeko saioak.
Herritarrek bultzatutako beste hainbat ekimenen modura, modu boluntarioan jarduten duten kideez osatuta dago kooperatiba. Bidean ikasten ere badabiltzala aipatu dute, elkarrengandik nahiz antzeko bestelako ekimenetatik. Energia gai berria da, eta bestalde, beste gai ugari ere landu behar izaten omen dituzte; beraz, modu batera edo bestera laguntzeko prest dagoen oro ongi etorria izango dela gogorarazi dute. Iaztik hona, pausu handiagoak emate bidean, Arroabean eta Aizarnan jada argia ikustear dauden instalazio fotovoltaikoak jartzeko proiektuak lantzen ibili dira batez ere.

Instalazioak martxan jartzeko prest

Denbora gutxian pausu handiak eman ditu kooperatibak: Koop57 finantza entitatearekin mailegua lotu du, Udalarekin teilatuak erabiltzeko hitzarmena sinatu du eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren 77.000 euroko dirulaguntza lortu du proiektuak egin eta komunitatea kudeatzeko. Arroabeko eta Aizarnako instalazioa bukatuta daude eta sarera konektatu ahal izateko, Iberdrola banatzailearen azken onarpena jasotzea falta zaie.

Instalazioak martxan jartzerako, parte hartuko duten erabiltzaileei formazio saioak eskaini dizkie Argiolak; tramiteak nola egin eta autokontsumoari zuku gehien ateratzeko aholkuekin. Arroabean martxoaren 27an egin zuten lehenengo tailerra, eta Aizarnan apirilaren 28an.

Proiektuaren parte izateko garaiz daude oraindik aizarnar eta arroarrak

Dirulaguntzari esker proiektuak pixka bat handiagoak egin dituzte, eta horrela, hasiera batean izena eman zutenez gain herritar gehiagok ere hartu ahal izango du parte. Baldintza bakarra instalazioetatik bi kilometroko erradioaren barruan egotea da, izan etxebizitza, taberna, denda edota beste edozein erabiltzaile mota. Erradio horren barruan, besteak beste, Arroabeko instalazioan Narrondo, Ibañarrieta eta Arroaerrekaren zati bat ere sartzen dira, eta Aizarnakoan Akoa eta Txiribogako zati bat. Argiolako kideek esan dutenaren arabera, sarera konektatzeko baimena lortu bezain laster itxiko dute bi instalazioetako parte hartzaileen zerrenda, beraz interesa dutenak baina oraindik izena eman ez dutenak lehenbailehen haiekin harremanetan jartzea gomendatu dute.

Zein da funtzionamendu?

Proiektuetan parte hartzeko beharrezkoa da Argiolako bazkide izatea, baina bazkide izateak ez du esan nahi proiektuetan parte hartu behar denik, hori hautazkoa baita. Bazkide egin nahi dutenek, eskaera orria bete eta 10 euroko ordainketa bakar bat egin behar dute. Gaur gaurkoz Argiolak 159 bazkide ditu, eta horietatik 58 izango dira lehen instalazioetan parte hartuko dutenak, momentuz. Horretarako egin beharreko ekarpena bakoitzari dagokion potentziaren araberakoa da, eta azken hori norberak hautatu dezake . 0,5 kW-eko potentziari dagokion ekarpena 500 eurokoa da eta 1 kW-eko potentziari dagokiona, 1.000 eurokoa. Potentzia handiagoa edo txikiagoa ere hartu daiteke, bakoitzaren kontsumoaren arabera, eta ekarpena proportzio horretan kalkulatuko da.
Behin instalazioa martxan jartzen direnean, erabiltzaile bakoitzak bere ohiko argindar fakturan ikusiko du autokontsumitutako energiari dagokion beherapena, eta urte amaieran aurrezpen horren zati bat itzuliko dio Argiolari kuota modura. Argiolak diru hori proiektuen nahiz kooperatibaren gastuei aurre egiteko erabiliko du, hala nola instalazioen mantentze lanak edota kooperatibaren kudeaketa zerbitzua ordaintzeko.
Erabiltzaileek egindako hasierako ekarpen horiekin finantzatu ditu kooperatibak bere lehen bi proiektuak, baina diru hori aipatutako dirulaguntzetatik berreskuratuko du laster. Erabiltzaileen hasierako ekarpen hori kooperatibaren kapital sozialean gordeko da, eta bazkide batek egunen batean proiektua utzi nahiko balu diru hori bueltan eskatzeko aukera izango luke. Erabaki guzti horiek aurrera begira alda daitezke ela ere aurreratu dute Argiolako kideek: “Hau komunitate bat da, kooperatiba bat, eta batzarretan hartuko dira erabakiak. Bazkide den edonork izango du boto eskubidea”.


Inor atzean utzi gabe

Herritar orok parte hartzeko moduko proiektuak egin nahi dituztela aipatu dute energia komunitateko kideek, tokian tokiko ekimenak bultzatu, energia jasangarriagoa kontsumitu edota argindar fakturan aurreztu nahi duen orori ateak irekita utziz. Proiektuetako hasierako ekarpena egitea batzuentzat zaila izan daitekeela jakitun, lortutako dirulaguntza baliatuko dute zailtasun ekonomikoak dituztenei parte hartzea errazteko. Izan ere, tamalez asko dira oraindik prekarietate energetikoa pairatzen duten herritarrak: etxea tenperatura egokian mantendu ezin dutenak, energia fakturak ordaintzen haien diru iturrien zati handi bat erabiltzen dutenak…

Zestoako proiektua hastapenetan

Argiolako kideek argi dute Zestoan dutela potentzial handiena, bazkide kopuruari erreparatuz gero gehienak herrigunekoak baitira. Beraz, hurrengo pausua Zestoako herrigunea barnean hartuko duen autokontsumo kolektiboa martxan jartzea izango da. Foru Aldundiak atera du aurten ere dirulaguntza deialdia, eta apirilaren 23rako bertara aurkezteko lanetan aritu da Argiola, iaz lehen bi proiektuekin egin moduan. Bere garaian egindako teilatu publikoen inguruko azterlanari esker, teilaturik egokienak zein diren aztertzen dabiltza. Udalak teilatuak uzteko prestutasuna agertu duela ere gaineratu dute Argiolako kideek, proiektuan parte hartu nahi duen herritar orok herrian ekoiztutako argindarra kontsumitzeko aukera izan dezan. Ekainaren 12an, arratsaldeko 18:00etan, Argiolak urteko batzarra egingo du Alonderon, eta bertan emango dituzte proiektu berriaren inguruko azalpen gehiago komunitateko kideek.

Jone Bergara




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide