Martxoa 2026
— 2026-03-27Irakurri 280. zenbakia hemen.

Jakina da odolak urtero bizitza ugari salbatzen dituela eta, lehenago edo geroago, denok beharko dugula besteren batek emandako odola. Hala ere, etengabe gogorarazteaz arduratzen dira Zestoako Odol Emaileetako kideak. Gizartean barneratua dugu odol-emaile izatearen garrantzia; plasma-donazioa aipatzen denean, ordea, gehienok ez dakigu zertaz ari garen.
Andoni Goikoetxea eta Jon Ulazia arrazoi desberdinengatik iritsi dira plasmara, baina elementu berak lotzen ditu. “Eta zer demontre da plasma?” galdetuko diozue zeuen buruari. Bi protagonistek ere ez zuten horren berri, beharrak jota plasma zer den ezagutu behar izan zuten arte.
Ezkutuko lana
Sole Nieves, Nerea Ayastui eta Aitziber Huegun Zestoako Odol Emaileetako kideak dira, eta etengabeko lana egiten dute herrian odol-emaile berriak lortzeko. Erreportaje honen irakurle askori, ziurrenik, iritsiko zitzaien noizbait haien mezuren bat odol-ateratzeak diren bakoitzean. Euskal Autonomia Erkidegoan gai honi dagokionean beste toki batzuetan baino kontzientziazio maila handiagoa dagoela onartu dute. Neurri handi batean, haien gisako boluntarioen lanari esker.
Hilero biltzen dira Gipuzkoako beste odol-emaileen elkarteetako kideekin, eta aspaldian plasma ematearen garrantzia dute hizpide. Baina, zer demontre da plasma?
Odol-emate bakoitzean hiru osagai nagusi lortzen dira: globulu gorriak, plaketak eta plasma. Osagai horietako bakoitza gaixo mota jakin bati zuzentzen zaio, haren beharren arabera. Plasmarekin transfusioak ere egiten dira, baina, batez ere, hainbat gaixotasun tratatzeko erabiltzen diren sendagaiak ekoizteko baliatzen da plasma. Gizartearen bilakaerarekin batera, plasmaren eskaera nabarmen igo da azken urteotan.
Hala, Andoni Goikoetxea plasma-emailea da duela bi urte ingurutik. Beharrak bultzatuta jakin zuen plasma zer den. Gertuko pertsona bati minbizia zela-eta plasma transfusioa egin behar izan ziotenean izan zuen lehen aldiz horren berri. Goikoetxeak dioenez, arazo nagusia ezjakintasuna da: “Plasma ematen lagundu nahi nuen, baina hasieran ez nekien nola egin zitekeen”. Ordutik, bospasei aldiz egin du plasma donazioa.
Plasmaferesia
Izena konplexua bada ere, plasma ateratzeak ez dira odol emate klasikoetatik oso desberdinak. Batez beste, 45 minutu eta ordubete tartean irauten du prozesuak. Odol-emailea zuzenean makina bati lotzen zaio, eta prozesuan, odola atera eta plasma banatzen du makinak, gero atzera gainerako osagai guztiak emaileari itzultzeko. Gainera, emandako plasma hori berreskuratzeko, likidoa edan besterik ez da egin behar. Hala azaldu dute elkarrizketatuek.
Odol-emate klasikoa baino prozesu gogaikarriagoa izan daiteke plasmaferesia; elkarrizketatuen artean, ordea, plasma ematen dutenak ados agertu dira esatean odola ematea baino luzeagoa dela, baina oso erosoa. Plasma emateko, Donostiako Odol Emaileen egoitzara joan behar da. “Bai odola eman nahi baina maiz egin ezin dutenentzat, bai beste modu batera lagundu nahi dutenentzat, plasma donazioa aukera egokia da” diote.
“Odola ematearen berdina da niretzat; luzeagoa, besterik ez”, azaldu du Goikoetxeak. “Nire inguruko asko liburu bat irakurtzen edo telesail bat ikusten egon ohi dira bitartean”.
Zain batean hasi, zain batean amaitu
Jon Ulaziak beste modu batera bizi du plasmaren kontua. Gaixotasun autoimmune bat du, giltzurruna erasotzen diona. Duela ia urtebete giltzurruneko transplantea egin behar izan zioten, baina, hala ere, gaixotasunak hor jarraitzen zuen. Orduan, dialisiarekin batera (giltzurrunek funtzionatzen ez dutenean erabiltzen den garbiketa metodoa), plasma sartzen probatu zuten, eta 42 egunera giltzurruna berriro martxan hasi zitzaion. Orduan, dialisia kendu zioten, eta martxotik ekainera astean hiru aldiz sei orduko plasma-transfusioak egin zizkioten.
Plasmaferesian, besoko zaina izugarri puzten omen zitzaion. Ulaziak berak erakutsi du gaur egun zaina nola dagoen. Txikitu zaio jada. Hala ere, “ufa” atera zaigu mahaiaren bueltan geundenoi. “Bi jostorratz sartzen zizkidaten; batetik odola sartu, eta bestetik ateratzen zen”, azaldu du. Prozesu horretan, gorputzean zuen plasma beste plasma berri batez ordezten zioten. Plasmaferesiaren ondoren, “kamioi bat gainetik pasatu” izan balitzaio bezala sentitzen omen zen.
“Plasma urrea bezala zaintzen dute ospitalean”, dio Ulaziak, “urre likidoa deitzen zioten”. Kolorea ere halakoxea omen du. «Plasmaferesia egiteko orduan, makinarekin izugarrizko kontuarekin ibiltzen ziren, beldurra izango balute bezala».
Antzeko zerbait azaldu du Goikoetxeak ere: “Nabarmena zen ospitalean guztiek ez zutela plasmaferesia egiten, hiru edo lau besterik ez zeuden egiten zekitenak, eta oso kontuz aritzen ziren”.
“Plasma entzute hutsak ere beldurra ematen du askotan, ez dakigulako zer den eta zertarako balio duen”, aitortu du Ulaziak. Haren ustez, beldur hori ezjakintasunetik dator, batez ere ez dakigulako zenbateraino lagundu diezaiokegun behar duen norbaiti. Antzera sentitzen da Goikoetxea ere: plasma edo odola ematen duen bakoitzean norbaiti laguntzen ari dela pentsatzeak bere buruarekin ondo sentiarazten dio. “Bizitakoa bizi ondoren, gero eta kontzienteagoa naiz; gertutik tokatu arte, ez gara guztiz jabetzen”.
Ulaziak argitu du gaurkoz gaixotasuna geldirik dagoela, hain zuzen, giltzurrun-arazoetarako ez baizik eta minbizia tratatzeko erabiltzen den tratamendu bat probatzeko aukera izan duelako. “Mundu mailan oso gutxiri funtzionatu digu tratamendu horrek horrelako kasuetan; hasieran esan zidaten oso arraroa izango zela eraginkorra izatea”. Haren hitzetan, “halere, plasmari esker ekin diot gaixotasuna gainditzeko bideari”. Plasma hartu izan ez balu, dialisiarekin jarraitu beharko luke oraindik, eta giltzurrunak ez lioke behar bezala funtzionatuko.
Aukera bakarra: donazioa
Emakumeek, anemiagatik, globulu gorrien eskasiagatik edo bestelako arazoengatik, askotan ezin izaten dute odola eman. Horrelakoetan, plasma ematea aukera egokia izan daiteke. Hala azaldu dute Zestoako Odol Emaileetako hiru kideek: “Zainek ez dute horrenbeste sufritzen, eta beren aletxoa jarri nahi dutenentzat aukera ona da”. Gainera, Zestoan odol-ateraketak antolatzen direnean, plasma emateko interesa dutenen zainak aztertu eta baloratu egiten dituzte, horretarako egoera onean egon behar baitute. 2025ean, 12 zestoarrek eman zuten plasma: zazpi emakumek eta bost gizonek. Aurten, emaile kopuruak nabarmen gora egitea espero dute.
Agerikoa badirudi ere, odola zein plasma ezin dira fabrikatu. “Esan izan digute odola edo plasma ematearekin negozioa egiten dugula, baina ez da inondik inora ere horrela”, azaldu dute. Bildutako guztia laguntzera bideratzen dela azpimarratu dute. Medikamentuak egiteko edo transfusioak egiteko ez dago emateetatik lortzen den plasma ordezteko aukerarik.
Hori dela eta, plasma ematea ezinbesteko lehentasuna da gaur egun, eta hala izaten jarraituko du etorkizunean ere.
Oihane Goikoetxea