Esadazu zertaz harropuzten zaren eta zer gabezia daukazun esango dizut
Danbolin— 2026-05-22Ez da aurreneko aldia, azkenaldian Zestoako EAJ-PNVk erabat errealitatez kanpo eta bere burua loriatu arteko onik gabe argitaratu duen azken prentsa oharra bezalakoak irakurtzera ohituta gaude.
Izan ere, Iraetako futbol zelaiko belardi aldaketaren inguruan atera duen argitalpenean, beste behin ez dagozkion dominak jartzeko etengabeko obsesioaz gain, zuzenak eta egiak ez diren baieztapenak ere egiten dira. Hori gutxi ez, eta kudeaketarako inolako ahalmenik eduki gabe, udal gobernuari eta kirol zein azpiegitura teknikariei ezer esan gabe aldundiko arduradunekin bilerak egin dituztela ere badiote EAJko ordezkariek.
Gaur da eguna, udal gobernuak eta teknikariek ere balizko bilera “misteriotsu” horien berri ez dakitena, eta EAJko ordezkariek jakin beharko lukete proiektu publikoak erakunde publikoen artean kudeatzen direla, Zestoako EAJko ordezkariek bestela uste arren, alderdi politikoen gainetik erakunde publikoak daudelako eta alderdi politikoetan ez bezala erakunde publikoen ordezkaritza herritarrek erabakitzen dutelako.
Egia da futbol zelaiko belardiaren egoera azken urteetan asko kaltetu dela eta horren harira udalak aurrekontu ezberdinak iaztik landuak dauzka. Zestoako Futbol Taldearekin ere udal gobernuak bilerak egin ditu eta Errealak ekarpena egiteko aukera Futbol Taldetik landu denez, udalak bi futbol elkarteekin ere bilera egina du. Beraz, udal gobernuak belardia ez zuela konpondu nahi esatea ez da inondik ere egia.
Diru publikoa ezin da edonola gastatu, eta konponketaren aurrekontua 300000 eurokoa izanda, udalak gutxienez 200000 euro jarri beharko dituenez, bere garaian, aipatu lanak 2027an egin beharko zirela garbi adierazi zitzaien. Hori horrela izanda, udalak badaki epe ertainera aldundiak kirol ekipamenduetarako udalentzako diru lerro berri bat irekiko duela eta diru laguntza hori baliatzea da helburua, nahiz horretarako beste udalerriekin lehiatu beharko garen. Beraz, oraindik kudeaketa lan asko gelditzen da egiteko eta obraren kostua udal aurrekontuetan txertatua dagoela esatea ere ez da egia. Beste behin, Zestoako EAJ-PNVk ezer argitaratu aurretik hobeto informatu beharko luke.
Bestalde, denbora da udalak futbol zelaiko argiteria sistema aldaketa kudeatu zuela (pleguak, esleipenak…) eta horri esker epe motzean obra exekutatuko da. Kontu honetan ere, EAJ-PNVren “lan iraunkorra” baino, udalaren kudeaketa politiko eta teknikoa dago eta beraz, umiltasun apur bat ez letorkioke gaizki alderdiari.
Amaitzeko, Futbol Taldeko kideren bati, identitate krisiak jo aurretik, hurrengoan udalarekin bilerak egiten dituenean EAJko kide bezala edo Futbol Taldeko kide bezala datorren argitzeko eskatuko genioke. Txapel batekin bi buru estaltzea ariketa zaila izan ohi baita.
Zestoako EH Bildu
Egin zaitez bazkide
