Albisteak

Zestoak agur esan dio Herriarteko Pilota Txapelketari

Atzo jokatu zituen Zestoak Herriarteko Pilota Txapelketako final-zortzirenetako itzulerako partidak, eta hiru neurketak galduta, txapelketatik kanpo geratu da. Herritar ugari bertaratu ziren kiroldegiko frontoira etxeko taldea animatzera; hala ere, Zestoa ez zen gai izan Adunari aurre egiteko.

Aduna aurretik zen kanporaketan, joaneko jardunaldian hiru neurketetatik bi irabazi baitzituen. Itzulerako partidetan ere adunarrek beren nagusitasuna berretsi zuten. Kadete mailako neurketan, Urrestillak eta Clavijok ezin izan zuten aurkariei aurre egin, eta 7-22 galdu zuten. Jubeniletan ere adunarrak nagusitu ziren, Zubeltzu eta Zabala 6-22ko emaitzarekin mendean hartuta. Hirugarren partida, nagusien mailakoa, parekatuagoa izan zen; hala ere, Sasiainek eta Odriozolak ezin izan zuten garaipena eskuratu, eta 19-22 galdu zuten

Herriartekoan ibilbide laburra izan dute aurten zestoarrek, bai pala modalitatean, baita esku pilotan ere; izan ere, bietan lehen kanporaketan agur esan diote txapelketari.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide