Albisteak

Gaur Santa Eskean irabazitako dirua Fundación Noelia erakundeari laguntzeko izango da

Gaur goizetik hasi dira zestoarrak Ondarbaso aldean baserriz baserri Santa Eskearekin. Pandemiaren aurretik egiten zuten moduan, eskean irabazitako diruaren zati bat behar duten erakunde, elkarte edo fundazioei ematea pentsatu dute aurten ere. Odol emaileei, Caritas erakundeari, Alcer elkarteari, etab. eman izan die dirua, aurten ordea, Fundación Noelia izeneko erakundeari laguntzeko asmoarekin atera dira kalera.

Fundación Noelia irabazi asmorik gabeko erakundea da. Katalunian sortu zen 2015ean eta gaur egun, Euskal Herrian ere delegazioa du. Fundazioak “VI kolagenoaren eskasiak eragindako jaiotzatiko muskulu-distrofia” duten gaixoak eta familiak elkartzen ditu. Aizarnan badago eritasunak eragindako ume bat. Fundazioaren helburua, familia hauek saretzeaz gain, gaixotasunaren sendabide bat lortzeko ikerketa zientifikoa finantzatzea da. Azken urteetan, hainbat proiektu zientifiko egin dira mundu mailan Fundación Noeliaren ekarpenei esker.

VI kolagenoaren distrofia gaixotasun genetiko arraro bat da. Gaixotasun degeneratiboa da eta muskuluei eragiten die. Muskuluen ahultasuna, hiperlaxitudea eta giltzaduretako kontrakturak eragiten ditu, adinarekin okerrera egiten dutenak. Kasu gehienetan, ibiltzeko gaitasuna galtzen da 10 urterako eta, arnasketa-gutxiegitasuna ezartzen da progresiboki, gaueko arnasketa-euskarria behar izatera daramana.

Bide luzea geratzen da sendabide posible batera iristeko, eta jendearen ekarpena ezinbestekoa da ikerketak aurrera jarraituko badu. Fundación Noeliari ekarpenak egiteko informazioa ondorengo estekan aurki daiteke: https://fundacionnoelia.org/colabora/donativos/




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide