Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko herriak ixteko agindua ezarri du Eusko Jaurlaritzak
— 2020-10-26Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herri guztiak itxiko dituela iragarri berri du Eusko Jaurlaritzak. Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak eman du berria duela minutu batzuk egindako prentsaurrekoan eta egoera epideomiologikoa “kezkagarria” dela esan du. Udalerri mugakideetara mugitzeko aukera egongo dela esan du, jarduera sozioekonomikoak egiteko. Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik ateratzea eta sartzea debekatuta egongo da.Eremu publiko zein pribatuan biltzeko aukera ere murriztu dute. Hamar pertsonatik seira jaitsi dute kopurua, elkarrekin bizi diren pertsonak salbuetsita. Dekretua gaur argitaratzea aurreikusten dute eta hala bada, bihar, asteartea sartuko da indarrean, goizeko 06:00etan. Momentuz, neurriek hamabost egun iraungo dute.Eusko Jaurlaritzak etxeratze agindua ezarri du. Herritarrek ezingo dute kalean ibili iluntzeko 23:00ak eta goizaldeko 06:00ak bitartean. Kalera ateratzeko aukera izango da salbuespen egoera bada: erietxera joateko, adingabeak edo mendekotasuna dutena zaintzeko, botikak erostera joateko, lanera joateko edo albaitariarengana larrialdi bat dela eta joateko.