Albisteak
Itaiak elkarretaratzea egin zuen ostiral arratsaldean azken erahilketaren harira
— 2025-02-08Irunen izandako erahilketa tarteko, elkarretaratzea deitu zuen Itaiak ostiral arratsalderako.
Hemen, amaieran irakurritako testua:
Aste honetan Irunen jazotako erailketa matxista salatzeko elkartu gara hemen. Itaiatik gure babes eta elkartasun osoa helarazi nahi dizkiegu eraildako emakumearen familiari eta ingurukoei.
Aurtengo bigarren erailketa matxista dugu hau: pasa den urtarrilaren 3an ere gizon batek bere ama erail zuen Barakaldon. Emakumeok egunerokotasunean sufritzen dugu indarkeria matxista, eta erailketak dira egiturazko biolentzia horren adibide muturrekoenak. Hori horrela izanik ere, gero eta gehiago dira matxismoa ukatzen duten ahotsak. Diskurtso matxistak eta erreakzionarioak oso azkar ari dira zabaltzen eta normalizatzen, bai instituzioetan, bai sare sozialetan, bai kalean.
Benetan kezkagarria da bizi dugun egoera eta, beraz, eskatzen duen urgentziaz erantzun behar dugu. Aste honetan bertan Itaiak egindako agerraldian argi utzi dugun moduan, emakume langileok lehen lerroan egon behar dugu nabarmen areagotzen ari diren ideia eta jarrera erreakzionarioen eta matxisten aurkako borrokan; guk horretarako konpromiso osoa hartzen dugu. Argi eta garbi diogu: ez dugu utziko eraso bat bera ere erantzunik gabe, eta erasotzaile guztiek aurrean izango gaituzte.
Egoera oso gordina da, eta hortaz, posizionatu beharra dugu: emakume langileon zapalkuntza betikotzen jarraitu edo matxismoaren aurka borrokatzeko hautua egin. Zentzu horretan, matxismoaren kontrako borrokan zuen aletxoa jartzera animatzen zaituztegu.
Itaiak horretan jarraituko du. Datozen asteetan, martxoaren 8ra bitartean, erasotzaileen inpunitatearen aurka, lan sektore feminizatuetako lan-baldintza eta eskubideen alde, zein emakumeok sexu objektu bihurtzen gaituen inposaturiko sexualitatearen aurka arituko gara lanean, kalean nahiz institutuetan, eta antolatuko ditugun ekimenetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.
Matxismoaren aurrean, emakume langileok lehen lerrora!
Egin zaitez bazkide