Albisteak
Jakin mina piztu du energia berriztagarrien komunitateen inguruko hitzaldiak
— 2021-11-25Zestoan energia berriztagarrien komunitate bat sortzeko bidean lehen hitzaldia eskaini zuten atzo Aitor Ossa eta Alazne Arruti Goiener energia kooperatibako kideek. Jakin mina piztu zuen gaiak eta 40 herritar inguru bildu ziren Alonderon. Saioaren lehen zatian, Goienerren jardunaren inguruan aritu ziren eta bigarrenean, energia komunitateen inguruko azalpenak eman zituzten.
Udalaren asmoa, Zestoan energia komunitatea garatzeko proiektua martxan jartzea da. Proiektuaren helburua, Zestoan komunitate energetikoa sortu eta epe ertainean herrian eraikiko diren energia berriztagarrien guneak komunitateak berak kudeatzea da. Behin komunitatea sortuta, bertako bazkide izateko aukera zabalduko da eta bazkide den orok herrian ekoiztuko den energiaz hornitzeko eskubidea izango du. Horrela, “burujabetza energetikoaren bidean lehen harria jartzen” hasiko direla nabarmendu du erakundeak.
Goienerreko kideen esanetan, horretarako, “ezinbestekoa” da herritarren parte hartzea. Beren helburua, gizartea energia gaietan ahalduntzea dela azaldu zuten eta energia komunitateei esker ahalduntzeko tresna hori badutela. Gainera, prozesu horretan formazioa eta informazioa behar beharrezkoak direla azpimarratu zuten. Gaiaren inguruko lehen hitzaldia izan zen atzokoa baina Mikel Arregi Ertxin alkateak adierazi zuen, aurrerantzean, hitzaldi zikloak antolatzeko asmoa dutela, komunitate hori sortzeko bidean.
Egin zaitez bazkide