Albisteak

[JARDUNIAN] Markel Etxeberria: “Artisautza berreskuratzeko gogoa dago berriro moda etxe handietan”

Urtarrilaren 5ean egindako elkarrizketa da honakoa, Gabonetako oporretan herrian izango zela eta aprobetxatu egin behar aurrez aurrekoa egiteko; Markel Etxeberria Parisen bizi baita, moda munduan lanean. 11:30ean egin dugu zita Lizarraitz baserrian. Aurretik kalera irten naiz eta ohikoa den moduan korapilatu naiz batekin eta bestearekin. Mezua iritsi zait: “Beandu zabiltza, 10 minutu ya”. Korrika txikian iritsi naiz. Atea ireki eta purrustada bota dit, arrazoi du. Ez pentsa elkarrizketatuek errieta egitea ohikoa denik, baina Markel eta biok kuadrillakoak gara, ume-umetako lagunak. Pentsa, astebeteren barruan etorri ginen mundura eta errepideak bananduta bazen ere, parez pare bizi izan gara luzaroan. Zenbat ordu elkarrekin… Beraz, ez naiz asko beldurtu errietarekin. Egongelako mahaian gosaria prest du, propio prestatu du niretzat (uste dut purrustada kafea hoztuko zen beldur zelako izan dela). Zukua, kafea eta pastak, eta distantziara bizi den lagunarekin aspaldiko partez sofa berean goiz pasa. Fondoan, suabe-suabe, Maria Callas.

Badakit askotan azaldu didazula, baina galdetu izan didatenean zertan zabiltzan Parisen ez naiz gai izan erantzuteko. Beraz, ez dakit zenbatgarren aldiz galdetuko dizut: zein da zehazki zure lana?

Ba, nahiz eta askotan azaldu dudan, normala da kanpotik ulertzea ez izatea erraza. Orain kolekzio eta estudio-koordinazioaren arduraduna naiz. “Estudioa” deitzen zaio diseinatzaileak eta artistak dauden departamentuari, eta “kolekzioa” da denboraldi bakoitzean ateratzen den arropa multzoa.

Nire lana da, batez ere, zuzendari kreatiboak zer nahi duen jasotzea eta hori talde osoari ondo transmititzea. Horretarako fitting-ak egiten ditugu: modeloak etortzen dira, arropak probatzen dituzte, eta zuzendari kreatiboak esaten du zer aldatu; luzeagoa, motzagoa, ehuna aldatu, edo zuzenean kendu… Nik hori guztia apuntatu eta koordinatzen dut: diseinatzaileekin, jostunekin… denok gauza bera ulertu dugula ziurtatzeko. Azken batean, arropa bakoitzarentzako plan moduko bat prestatzen dut. Sei fitting inguru egiten dira kolekzio bakoitzean, eta pixkanaka eraikitzen da guztia azken desfilea iritsi arte.

Zuzendari kreatiboak zer nahi duen jasotzea dela zure lana diozu; baina nor da edo zer da figura hori?

Balenciagaren goi joskintzako desfilea baino lau egun lehenago prestaketa lanetan

Jendeak erraz ulertzeko modurik sinpleena da desfilearen amaieran agertzen den pertsona dela esatea, publikoa agurtzera ateratzen den hori. Diseinatzailea da, bai, baina ez bakarrik hori: markaren burua da. Azkenean, marka bakoitzean diseinatzaile asko daude lanean, baina zuzendari kreatiboa da guztien gainetik dagoena, erabaki nagusiak hartzen dituena eta markaren irudi osoaren arduraduna. Etxe horrek kanpora proiektatzen duen identitate guztia bere gain dago. Bere gainetik ez dago inor sormen mailan; enpresan jabeak egon badaude, noski, baina normalean konfiantza osoa jartzen dute zuzendari kreatiboarengan.

Lehen, izen handiak, Cristobal Balentziaga edo Christian Dior bezalakoak, beraiek ziren markaren sortzaileak eta jabeak aldi berean. Gaur egun, ordea, enpresa horiek talde handietan daude banatuta, adibidez LVMH edo Kering bezalakoetan. Horregatik, gaur egun marka horien buruan jartzen dituzte beste diseinatzaile prestigiodun batzuk, zuzendari kreatibo gisa, markaren ondarea bizirik mantentzeko. Haien lana da artxiboari eta historiari begiratzea, markaren esentzia ulertzea, eta, aldi berean, zerbait berria proposatzea. Azkenean, hor dago giltza: iragana errespetatuz etorkizunerako proposamen berriak egitean.

Abenduaren 22an bidali zenidan mezua, “Ya firmatu det Givenchy-rekin”. Nor, zer da Givenchy?

Givenchy moda etxe historiko bat da, eta oso lotuta egon zen Cristobal Balentziagarekin. Esaten da nolabait haren ikaslea izan zela, eta oso harreman estua zutela. Gaur egun, etxe bezala interesgarria da berriro artisautzara itzuli nahi duelako. Azken urteetan moda asko industrializatu da, baina orain berriz balioa ematen ari zaio eskulanari.

Aurretik, ordea, beste etxe batzuetan ere ibili zara, ezta?

Egia esan, nahiko modu naturalean joan da dena, ia kasualitatez. Nire ibilbidea Loewe-n hasi zen, gero Balenciaga-ra joan nintzen, eta orain Givenchy-n nago. Pixkanaka mugitu naiz etxe batzuetatik besteetara, baina guztiek badute komunean gauza bat: artisautzaren balioa. Frantsesez savoir-faire deitzen zaio horri. Marka horietako tailerretan badago benetako jakintza hori: patroigileak alde batetik, jostunak bestetik. Bi lan ezberdin dira, baina elkarren osagarri. Tailer handiak dira, eta lan hori guztia belaunaldiz belaunaldi transmititu da.

Azken urteetan, hala ere, pixka bat galdu egin da hori. Askotan merkeagoa delako ekoiztea Italiako fabriketan, teknologia oso aurreratua dute eta kalitate handiko arropa egiteko gaitasuna. Baina orain badago joera berriro hasierako modura itzultzeko, behintzat lehen prototipoetan: tailerrean sortu, bertan landu eta esku lan hori berreskuratu.

Balenciagako Prêt-à-portereko desfile bateko entsegua

Givenchyn, adibidez, hori bultzatu nahi dute. Etxera etorri den zuzendaritza berria (Sarah Burton, lehen Alexander McQueen-en egondakoa) ikuspegi horren aldekoa da. Bereziki gustatzen zaio tailoring-a, hau da, egitura duten piezak: trajeak, jakak… Eta helburua da hori berriro indartzea, tailerretan jende ona bildu eta artisautza hori sustatzea. Eta horregatik, besteak beste, esan nuen baietz.

Balenciagan aritu zinenean esaten al zenuen Balentziagaren “alboko herrikoa” zinela?

Bai, etengabe. Harrotasun puntu batekin gainera. Batzuek bazekiten nondik zetorren, beste askok ez. Azkenean, Cristobal Balentziaga Parisen finkatu zen, eta marka ere han kokatzen da. Baina nik beti azpimarratzen nuen euskalduna zela, Getariakoa. 

Cristobal Balenciaga telesaila ikusiko zenuen, ezta? Ze sentsazio?

Ikusi dut, bai. Orokorrean ondo egina dago, batez ere girotzea: espazioak, tailerrak, dena oso ondo landuta dago. Baina ez zait gustatu Balentziaga pertsona eszentriko moduan erakustea. Nire ustez, kontrakoa zen: oso langilea, metodikoa, diskretua. Ez zen bohemio edo artista zoro horietako bat. Serieak, nire ustez, gehiegi eraman du irudi hori muturrera. Eta pena pixka bat eman dit.

Guztiz lotuta dago zure lana joskintzaren munduarekin; baina zuk josten al duzu?

Ez, nik ez dut josten, baina egia da hor zaudenean beste begirada bat garatzen duzula. Nik badakit pieza bat noiz dagoen zuzendari kreatiboari erakusteko prest. Nik ez daukat pieza egin duten haiek duten zehaztasun tekniko hori, baina detaile batzuk ikasi ditut: barrutik nola dagoen josita, forrua ondo jarrita dagoen ala ez, etiketa txukun dagoen… Badakit, adibidez, gauza jakin batzuk ez zaizkiola gustatuko zuzendari kreatiboari. Halako xehetasunak antzematen ikasi dut: barrena zuzen dagoen, piezak orekatuta dauden… baina beti ere modu xume batean.

Neuk ere beti ikasi behar dudala, baina azkenean ez dut inoiz hartzen josten ikasteko denborarik. Aipatzen dituzun kontuak gure amak, izekok, amamek… nik baino askoz ere hobeto ulertu eta baloratuko dituztela iruditzen zait. 

Ni asko gogoratzen naiz, adibidez, Balenciagan nengoenean, pentsatzen nuela nire amamari zenbat gustatuko zitzaion han egiten den lana ikustea. Izan ere, amamak, inolako eskolarik gabe, izugarri ondo josten zuen. Tailerretan ikusten duzu nola egiten duten lan: patroigileak daude, modeloak etortzen dira, eta haien gainean jartzen dute toile deitzen den tela fin eta merkea. Hortik hasten dira, diseinatzaileak esandakoa interpretatzen, pixkanaka forma ematen diote. Diseinatzaileak esaten du: “hemen bolumen pixka bat gehiago”, edo “hau atzerago”… eta hori guztia patroian islatzen joaten dira. Gero jostunek hartzen dute hori, eta beste maila batean lantzen dute: xehetasun txiki-txikiak, barrutik nola geratzen den, haria ez dadin agerian geratu… oso lan fina da. Azkenean, dena oso profesionalizatua dago.

Eta han nengoenean pentsatzen nuen amamari zenbat gustatuko zitzaiokeen hori ikustea, zein polita irudituko zitzaion. Bere saltsan egongo zen erabat.

Balenciagako saloian ateratako selfie bat

Josi ez, baina diseinatu bai, ala? Oraindik buruan ditut umetan marrazten zenituen diseinuak. Zure koaderno haiek…

Bai, txikitatik gustatzen zitzaidan diseinatzea. Zapatak, soinekoak… ondo pasatzen nuen. Baina gaur egun konturatzen naiz diseinatzea ez dela jendeak pentsatzen duen hori. Diseinatzaileak ez dira hutsetik hasten; askotan erreferentzia batetik abiatzen dira, argazki bat, artxiboko pieza bat… eta hortik interpretazioak egiten dituzte.

Zuen amak kontatu zidan aurreko batean nola umetan gure amari esaten omen zion jaunartzea egingo ez nuenez agian soineko zuria janzteko pena izango nuela, baina lasai egoteko, zuk etxeko izara zuriekin askotan egiten zenizkidala era horretako soinekoak. Ikaragarrizko grazia egin zidan. 

Ez naiz zehazki gogoratzen, baina bai gogoratzen dut mozorroekin eta arropekin jolasten ginela. Nik jolas moduan bizi nuen, baina atzera begiratuta, badirudi hor bazegoela zerbait.

Kontu horiek umetako jolas edo fantasia bezala gogoratzen ditut nik, baina zure kasuan orain eguneroko lanak dira.

Bide bat izan da. Une puntual batzuk daude, fitting batean adibidez, eta pentsatzen duzu: “hau da nik nahi nuena”. Gero, ordea, kanpotik denak glamourra dirudi, baina egunerokoan lana da, eta batzuetan monotonoa ere bai. Hala ere, badaude momentu batzuk musika fondoan, modelo bat soinekoa probatzen, tentsio hori… horrek konpentsatzen du.

Urteak daramatzazu Europako hainbat hiriburutan bizitzen. Zestoan ez zenuen ikusten zure burua?

Banekien kanpora joan behar nuela. Londresen ikasi nuen, gero Parisen egon nintzen, eta han ikusi nuen benetako aukerak zeudela. Moda munduan sartzeko, batez ere goi mailan, kanpoko formakuntza ia beharrezkoa da. Parisen eta Londresen dagoen espezializazioa hemen ez dago oraindik maila berean.

Baina aldi berean herriarekiko lotura handia duzula uste dut. Nola bizi duzu?

Oso presente daukat, eta faltan botatzen dut. Askotan pentsatzen dut zein ondo egongo litzatekeen herria Parisen egongo balitz. Azkenean, familia eta lagunak behar ditut. Horretan nahiko sentibera naiz. Etorkizunean hemen ikusten dut nire burua, zalantzarik gabe. 

Azken aldian asko hitz egiten da sexilioaz. Zure burua hor kokatuko zenuke?

Balenciagaren 54. Kolekzioko backstagean bi modelokin

Nire kasuan ez. Nik lanagatik joan behar izan dut. Baina ulertzen dut fenomenoa. Garai batean, askatasuna bilatzeko beharrezkoa zen hiri handietara joatea. Orain agian gutxiago, baina oraindik existitzen da neurri batean.

Historikoki, moda eta diseinua homosexualitatearekin lotu izan dira. Zer diozu?

Egia da historikoki goiko postuetan gizon homosexual asko egon direla. Baina gaur egun asko dibertsifikatu da: emakume gehiago, heterosexual gehiago… Hala ere, egia da oraindik proportzioa handia dela. Zergatik? Ez dakit oso ondo azaltzen. Agian historia kontu bat da, edo testuinguru sozialarena.

Beste mila kontuk bezala modak kontraesanak sortzen dizkit. Zuri, ez?

Bai, noski. Adibidez, “luxu” hitzak berak kontraesana sortzen dit. Baina aldi berean, lanaren atzean dagoen artisautza eta dedikazioa ikusten dudanean, beste modu batera baloratzen dut.

Zer gustatuko litzaizuke jendeak ulertzea horrelako marka baten atzean dagoen lanaz?

Jendeak askotan pentsatzen du moda etxe baten atzean diseinatzaile bakar bat dagoela, ideia batetik arropa sortzen duena, baina errealitatea askoz konplexuagoa da.

Goi joskintzan edo haute couture-n lan egiteko modua oraindik oso tradizionala da, Cristobal Balentziagaren garaian bezala: patroigileak, jostunak eta eskuzko lana funtsezkoak dira, eta baldintza oso zorrotzak bete behar dira Chambre Syndicale de la Haute Couture-k onar dezan. Prêt-à-porter-ean, berriz, logika asko aldatzen da. Ez da bakarrik diseinatzea: kontuan hartu behar dira materialak, ekoizpena, kostuak eta banaketa ere, pieza hori mundu osoko dendetara iritsiko delako eta neurri guztietan egon behar duelako.

Azkenean, gustatuko litzaidake jendeak ulertzea hau guztia lan kolektiboa dela eta jende asko dagoela pieza bakoitzaren atzean, eta askotan ikusten ez den horretan dagoela benetako lana.

Lanean pasa duzun momentu gogorrenetariko bat?

Naomi Campbell desfilatzen; Markeli besotik heldu zion egunean

Egia da momentu gogorrak badaudela: presioa, epeak, tentsioa… Baina gehiago gogoratzen ditut momentu onak, agian horiek direlako aurrera jarraitzeko indarra ematen dutenak.

Zure ametsen batean agertzen zen eta egia bihurtu den momenturen bat?

Lehenengo aldiz fitting garrantzitsu batean sartzea, zuzendari kreatiboarekin… hori ederra izan zen. Orduan pentsatu nuen: “hemen nago”. A bueno… eta inoiz ahaztuko ez dudan momentua, orduan pentsatu nuena, “kito, hil naiteke”, Naomi Campbell-ek besotik heldu ninduenenekoa. Kar, kar, kar!

Zer aholku emango zenioke moda-munduan sartu nahi duen norbaiti?

Kanpora joateko aukera badu, aprobetxatzeko. Ingelesa eta frantsesa ikasteko, eta pazientzia izateko. Ez da erraza sartzea, baina posible da.

 

Amaiur Aristi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide