Jarri gaitezen euren oinetan
— 2018-12-12Indarkeria matxistaren aurkako egunean elkartu ginen, eta abenduaren 22an berriz batzeko asmoa dugu. Herri harresi bat eraiki nahi dugu emakumeak babesteko eta laguntzeko, eta erasotzaile bakoitzari esateko egunero osatzen dugun harresia daukatela aurrean.
Justiziak bere epaietan babesgabe uzten dituen emakume horiekin elkartasunez eraikiko dugu herri harresia, giza-babesle izango gara, lekuko eta laguntzaile, sistema judizialak erasotzaileari zapaltzen jarraitzeko baliabideak ematen dizkion bitartean. Sistemak erantzuten ez duenean herriak erantzun behar baitu.
Zestoan badira emakume bati babesa emateagatik salaketa jaso duten herritarrak, eta ozen esan nahi dugu elkartasuna ez dela delitua eta ezin dela kriminalizatu. Ez dugu erasotzailerik nahi gure artean, ezta haurrak amei min emateko tresna gisa erabiltzen duenik ere. Ez dugu isiltasun konplizerik onartuko. Zapalduak diren horien oinetan jarri gara, eta gure pausuak entzunaraziko dizkiegu.
Egunero jantzi behar ditugu emakume horien oinetakoak, azaroak 25, abenduak 22 eta urteko egun bakoitzean. Gu ez gara isilik geldituko. Justizia eta erakundeak aldarazi behar ditugu. Oinak lurrean eta zapatak zintzilik.
Zestoako Txoko Feministak herritar eta eragile guztiei dei egiten die abenduaren 22an, 19:00etan Zestoako plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko.
JARRI GAITEZEN EUREN OINETAN
SINESTEN DIZUGULAKO, ELKARTASUNARI ERASORIK EZ
Egin zaitez bazkide