Ekaina 2026
— 2026-07-02Irakurri 283. zenbakia hemen.


Parte-hartzaileak eta ordezkariak, atzo Villabonan egindako aurkezpenean. (Tolosaldeko Ataria)
Julen Odriozola Txapeik larunbatean jokatuko den Euskal Pentatloian parte hartuko du lehen aldiz. Kanporaketa Villabonako (Gipuzkoa) herriko plazan izango da, 17:30ean hasita. Guztira bost txandatan lehiatuko dira aurtengo hamalau parte-hartzaileak, eta Txapeik bigarren txandan jardungo du, 18:05etik aurrera. Hamalau kirolarietatik sei sailkatuko dira irailaren 26an Azpeitiko zezen plazan jokatuko den finalera.
Euskal pentatloiak bost herri kirol modalitate biltzen ditu. Kanporaketan egin beharreko lanak honako hauek izango dira: hamar altxaldi 100 kiloko bolarekin, plaza bat giza proban 400 kiloko harriarekin, aizkoran kanaerdiko bat eta 45 ontzako enbor bat ebakitzea, txingekin hiru plaza egitea, eta, azkenik, kilometro bateko korrika saioa, plazan bertan prestatuko duten zirkuituan, ohiko zezen plazako eraztuna gogoraraziko duen ibilbidean.
Odriozolak kirol ugari egin izan ditu, eta gaur egun eskupilotan dihardu. Euskal Pentatloiko herri kirol probetan, ordea, lehen aldiz lehiatuko da. Berarekin egon gara larunbateko kanporaketa nola ikusten duen jakiteko. Oso gogotsu, baina urduritasuna ere nabari dela aitortu digu. “Normalean eskupilotako partiden aurretik lasai egoten naiz, baina hau niretzako berria izanik, errespetua ematen dit”.
Duela hiruzpalau hilabete hasi zen probarako prestatzen. Ordura arte ez zituen herri kirol modalitate gehienak sekula probatu. “Ahalik eta gehien entrenatu dut, ahalik eta gehien hobetzeko, baina hain denbora gutxian ez dago miraririk egiterik”, adierazi du. Modalitate zailena zein den galdetuta, aizkora dela erantzun du, “baina, aldi berean, gustukoena ere bada”. Gehien kezkatzen duena, berriz, harri-jasotzea omen da. Debutean ez zaio babesik faltako, lagun eta senide ugari joango baitira hura animatzera. “Lagunek autobusa antolatu dute herritik, eta animatzeko 80 bat kamiseta ere atera dituzte”, azaldu du.
Guztira hamalau kirolarik parte hartuko dute aurtengo lehian. Odriozolaz gain, honako hauek izango dira: Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Xabat Olaizola, Beñat Telleria, Ioritz Gisasola, Benat Amade, Julen Kañamares, Jokin Urretabizkaia Basozabal, Iker Goldarazena, Iñigo Zabala, Jakes Iruretagoiena Izeta V.a, Jon Bengoetxea, Mikel Marijuan eta Raul Zelaieta.