Paperekoa

[ATARIKOA] Festa usaina dakarren alea!

Mari Karmen Zurutuza Zestoako lehenengo emakume farmazialaria 53 urtez aritu da zestoarrekin lanean, herriguneko nahiz auzoetako bizilagunekin. Ondotxo ezagutzen ditu zestoarrak, auzotarrak eta beraien berezitasunak. Berak dioen bezala, sarri hitz egitea besterik behar ez zuten herritar batzuk gerturatzen ziren farmaziara, egunero pastilla baten bila, baina horixe zen behar zutena, hitz egitea. Eta Mari Karmen hortxe zegoen, beti denei laguntzeko prest.

Neska oso gaztea zela hasi zen lanean herrian, Laranjadi plazako botika zaharrean. Negar pila bat egin zuela onartu du bertako pertsiana jaitsi zuen egunean. Aldaketa hobera egin behar zuen, farmazia berrira, baina oroitzapen oso onak zituen botika zaharrean, bere hastapenetako urte guzti haietakoak. 

Zestoa atzerritarrez betetzen zen garaiak ere aipatzen ditu, baita bertako urak analizatzen egiten zuen lan pila ere. Guardiak zituen egunetan, Romanaren pentsioan geratzen zen lo egiten. Izatez azpeitiarra izan arren, garai hartan ez zen mugikorrik eta urgentziaren bat baldin bazegoen gertu egotea komeni izaten zitzaion. Romanarenean, Zamoratik etorritako irakasle gazteekin gauetan izaten zituen karta joko eta solasaldiak ere oroitzen ditu. Garai oso polita izan zela dio. Azpeitiarra izan arren, Zestoa bere bihotzean daraman herria dela azpimarratu du. 

Ale honetan aurkituko dugun beste artikuluan ere Zestoako berezitasunak agerian geratzen dira. Herriguneaz gain, nortasun handiko auzoak ditu Zestoak, hala nola, Arroabea, Arroagoia, Aizarna, Iraeta, Narrondo, Lasao eta Endoia. Bakoitzak bere berezitasunak dituen arren, guztiek elkarrekin duten antzekotasuna da festak antolatzeko modua. Ekitaldiak ez dira beraien kabuz antolatzen, auzotarren borondatezko lana dago egitarau oparo horien atzean. Zazpi festa batzordeekin aritu da hizketan Ohiana Calparsoro.

Guztiek bat egiten dute parte-hartzerik gabe festarik ez dagoela esateko unean, eta argi dute herritarren parte hartzerik gabe ezin dela festarik antolatu. Udalaren laguntza ekonomikoa beharrezkoa dutela azpimarratu dute guztiek.

Boluntarioen lanik gabe, auzo eta herriguneko hainbat ekimen ez ziren aurrera aterako, herrian herriarentzat jardutea zer nolako garrantzitsua den erakusten du zazpi festa batzorde hauen jardunak. Gure gazteak ere parte-hartzeko kultura hori ezagutzen hasiak dira, iaz udalak abiatu zuen nerabeen parte-hartze prozesuari esker. Eta arrakasta izan zuela ere esatera ausartzen naiz, izan ere beraien proposamenetatik sortu ziren hainbat ekimen (futbito txapelketa eta Agirorekin mendi irteera kasu) bigarren aldiz antolatu dituzte. Bejondeiela!

Festa usaia dakarren Danbolin lasai irakurtzeko txanda heldu zaizue, gozatu eta uda mundiala pasa!

Naiara Exposito Alberdi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide