Paperekoa

[ENBIDOA] Kirolari ezezagunen artean

Onartu beharra daukat aldizkaria irakurtzean irribarrea irten zaidala. Neuk ere ederki oroitzen dut egun hura, Arantxa! 2018ko krosean izan zen zehazki, argazkiak eta guzti ditut egun hartakoak. Kuadrillan irten ginen kroseko bira egiteko asmoz eta aldapak zetozelako, arnasa hartzeko, erritmoa jaitsi genuen, ziztu bizian eta animoak ematen aldamenetik pasa zinen arte. “Nola liteke hamasei urterekin gu baino 50 urte gehiago dituen batek aurreratu izana?” esan nion neure buruari. Bere garaian mundu mailan lehiatu zinela pentsatzeak lotsa gutxitzen dit, behintzat!

Zure galderari eutsiz, nire ustez bai, Zestoan etorkizun handia izan dezaketen gazte asko daude; eta ez atletismoan bakarrik, baita beste hainbat kiroletan ere: txirrindularitzan, futbolean, pilotan edo dantzan, esate baterako. Zestoa herri txikia den arren, aukera asko daude, nahiz eta ume askok futbola lehenetsi. Gainontzeko elkarteek presentzia txikiagoa duten kirolak bultzatzen jarraitu behar dugula deritzot, Zestoako umeek hainbat kirol probatu, eta beren trebetasunak aurki ditzaten. Behar bada hurrengo nazioarteko txapelketetan lehiatuko den kirolariren bat izango dugu Zestoan, batek daki!

Atletismoan zentratuz, badira bizpahiru urte Lander Zabala eta biok gaztetxo batzuekin lasterka hasi ginela. Astelehen eta asteazkenetan elkartzen ginen eta asteburu batzuetan txapelketetara ere joaten ginen. Aurten ezin izan dugu taldea atera, bion lan egoera dela eta. Hala ere, udan zerbait egingo dugu, haria guztiz eten ez dadin. Badira taldetxo honetan lasterketetan ondo ibiltzen diren batzuk; jarraitutasun falta dela eta, ordea, nahiko etenda dituzte entrenamenduak. Ea hurrengo urteetan animatu eta gustatzen zaien kirol hau, etorkizun oparoa izan dezakete eta!

Nolanahi ere, etorkizuna ezezaguna da eta batek daki zer gerta daitekeen. Arantxa, zu bezala, herri honetan gazteontzat ezezagunak diren kirolari oso onak izan dira, eta ez atletismoan bakarrik. Horien artean Jose Mari Uzkudun: 1.500 metroko lasterketan Euskadiko bigarren postua lortu eta harategira lanera sartu omen zen. Gazteontzako ezezaguna den zure esperientzia kontatuko al diguzu?

Asier Zulaika




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide