Urria 2026
— 2026-10-29Irakurri 286. zenbakia hemen.

Agiro mendi klubak antolatutako Mendi Astearen barruan, iaz Zestoako lagun talde batek egindako zeharkaldiaren berri eman zuten atzo Julen Telleriak eta Liam Zunzunegik. Hiru Mila Iboien ibilbidea egin zuten, hainbat etapatan banatutako ibilbide zirkularra, eta bidaian bizitakoak partekatu zituzten bertaratutakoekin.
Emanaldiaren lehen zatian, diapositiben laguntzaz, etapen azalpen teknikoa egin zuten, antzeko bidaia egin nahi dutenentzat informazio praktikoa eskainiz. Azaldu zutenez, lehen etapak errazagoak izan ziren, eta aurrera egin ahala gogortzen joan zen ibilbidea. Hasieran eguraldi ona izan bazuten ere, azken egunetan okerrera egin zuen, eta horrek azken etapak zaildu zizkien.
Ondoren, Ander Iribarrek, Orbel Experience ezizenez, bidaian egindako bideoa proiektatu zuten. Zeharkaldiko paisaiak eta ibilitako bideak ez ezik, lagun taldearen egunerokoa ere jaso zuen ikus-entzunezkoak.
Bidaia oso polita izan zela nabarmendu zuten, eta bereziki azpimarratu zuten koberturarik gabe egotearen balioa. Mugikorra alde batera utzita, elkarren artean denbora partekatzeko eta lagunarteaz gozatzeko aukera izan zutela azaldu zuten; mendiko paisaiez gain, elkarrekin bizitako uneak ere ekarri zituzten gogora.

