Albisteak

[ELKARRIZKETA] Lasaoko Festa Batzordea, festak herritik eta herriarentzat

Uztaileko Danbolin aldizkarian auzoetako festa batzordeen inguruko erreportajea argitaratu genuen. Paperaren mugak medio, artikuluak auzotarrek esandakoen hainbat zertzelada besterik ez zituen bildu. Horregatik, auzoetako festen atarian batzorde bakoitzari egindako elkarrizketak argitaratzen ari gara webgunean. Oraingoan, Lasaoko festa batzordearen txanda da.

Asteburu honetan ospatuko dituzte San Martin jaiak Lasaon. Auzotarrak elkartzeko eta auzo giroa indartzeko hitzordu berezia izaten da urtero. Festen atzean dagoen antolakuntza lana, belaunaldi berriek hartutako lekukoa, auzoaren nortasuna eta etorkizuneko erronkak izan ditugu hizpide festa batzordeko kideekin.

Zein da zuen auzo edo festen berezitasun handiena?

Gure festen berezitasun nagusia auzotarrak elkartzeko duten gaitasuna da. Urtean zehar baserri eta etxe desberdinetan bizi gara, bakoitza bere martxan, baina festetan denok elkartzen gara, eta auzoa indartu egiten da.

Zuen ustez, festak parte-hartzaileak dira edo gehiago kontsumora bideratutakoak?

Gure festak erabat parte-hartzaileak direla esango genuke. Ekintza gehienak auzotarrok antolatzen ditugu, eta denontzat pentsatuta daude. Gure helburua ez da kontsumoa bultzatzea, elkarrekin ondo pasatzea baizik.

Zein da auzotarrek gehien maite edo espero duten ekintza?

Adinaren arabera aldatzen dela esango genuke. Umeentzat puzgarriak dira erakargarrienak; heldu askorentzat, berriz, bertso afaria da hitzordu bereziena. Izan ere, urtean zehar gutxitan ikusten dugun jendearekin elkartzeko aukera izaten dugu bertan.

Urteekin zerbait galdu duzuela sentitzen duzue? Zer?

Garai batean indar handia zuen azokak edo feriak pisua galdu duela iruditzen zaigu. Animaliak eramateko araudiak eta burokraziak asko zaildu dute antolakuntza, eta horrek eragina izan du ekitaldi horren jarraipenean.

Eta alderantziz, gaur egungo festetan badago berritzailetzat jotzen duzuen zerbait?

Azken urteetan bingo musikatua bezalako ekintza berriak sartu ditugu. Hala ere, gure ustez, aldaketa handiena belaunaldi berrien sarrera izan da. Gazteok lekukoa hartu dugu, eta horrek berpizte moduko bat ekarri du auzora.

Nolakoa da zuen festa batzordearen funtzionamendua?

Bilera bat egiten dugu eta bertan lanak banatzen ditugu. Ondoren, bakoitzak bere gain hartutako ardurak kudeatzen ditu. Antolakuntza irekia da, baina egia da azkenean beti jende beretsua ibiltzen garela lanean.

Zenbat lagunek osatzen duzue gaur egun batzordea?

Ez daukagu kopuru zehatzik, baina azken urteetan belaunaldi berri batek hartu dugu antolakuntzaren ardura, aurreko belaunaldiaren lekukoa jasota.

Noiz hasten zarete festak prestatzen?

Oro har, festak baino hiru edo lau hilabete lehenago hasten gara antolakuntza lanekin.

Errelebo falta sumatzen duzue?

Une honetan ez, gu geu baikara erreleboa hartu dugunak. Hala ere, etorkizunera begira badugu kezka pixka bat, gaur egun dugun inplikazio mailari eustea ez baita beti erraza izango.

Zerk bultzatzen zaituzte festa batzordean parte hartzera?

Batez ere, auzoarekiko dugun atxikimenduak. Gazte falta sumatu genuenean hasi ginen antolakuntzan parte hartzen, eta guretzat auzoa bizirik mantentzeko modu bat da. Auzo elkartearen inguruan sortzen den giroak ere asko erakartzen gaitu.

Eta zer da gehien nekatzen edo erretzen zaituztena?

Gehien nekatzen gaituena antolakuntza lanetan betiko jendea ibiltzea da. Festa egunean laguntzeko prest dagoen jendea badago, baina aurretik egin beharreko lanetan inplikatzea zailagoa izaten da. Horrez gain, burokrazia eta administrazioaren eskakizunak ere gero eta handiagoak dira.

Nolakoa da zuen harremana udalarekin?

Oro har, harreman ona daukagu, baina uste dugu bai Zestoako Udalak bai Azpeitiko Udalak laguntza handiagoa eman beharko liguketela.

Udalak gehiago egin beharko lukeela uste duzue? Zertan?

Bai. Aurrekontuak handitzea eta antolakuntzan laguntza handiagoa eskaintzea eskertuko genuke. Izan ere, ekitaldiak antolatzeak gero eta kostu handiagoa du, eta horri aurre egitea ez da erraza.

Zer eskatuko zeniokete udalari?

Laguntza ekonomiko handiagoaz gain, presentzia handiagoa ere eskatuko genieke. Festetan udal ordezkarien parte-hartzea eta gertutasuna faltan botatzen ditugu.

Festa batzorderik gabe, auzoko festek irabazi edo galdu egingo luketela uste duzue? Zergatik?

Gure ustez, galdu egingo lukete. Festek auzotik eta auzotarrengandik sortu behar dute. Administrazioak bakarrik antolatuko balitu, ez lukete gaur egun duten izaera bera izango. Guretzat, auzotarron parte-hartzea da festen oinarria.

Festa batzordekoak ez diren auzotarrek zuen lana aitortzen dutela sentitzen duzue?

Gure artean iritzi desberdinak ditugu. Batzuek uste dugu jendeak baloratzen duela egiten dugun lana; beste batzuek, berriz, iruditzen zaigu ez direla beti kontziente festen atzean dagoen lan guztiaz.

Kexarik edo kritikaren bat jasotzen duzue normalean?

Ez dugu kritika handirik jasotzen. Oro har, auzotarrek ondo hartzen dituzte antolatzen ditugun ekintzak.

Mezuren bat helarazi nahi zeniekete auzotarrei?

Auzotarrak festa antolakuntzan eta auzoko espazio autogestionatuetan parte hartzera animatu nahi ditugu. Gure ustez, auzoa bizirik mantentzeko ezinbestekoa da denon inplikazioa. Auzoa bizirik nahi badugu, denon artean egin behar dugu lan.

Festa batzordean parte hartu nahi duenak nora jo edo norekin jarri beharko luke harremanetan?

Lasaon denok ezagutzen dugu elkar, eta parte hartu nahi duen edonor festa batzordeko edo antolakuntzan gabiltzan edozein lagunengana gerturatu daiteke. Gure ateak zabalik daude lagundu eta parte hartu nahi duen ororentzat.

Nola bizi duzue lasaotar izatea, Zestoaren eta Azpeitiaren artean egonda?

Azpeitiarekin eta Zestoarekin lotura estua daukagu. Gutako askok Azpeitiarekin harreman handiagoa izan dugu egunerokoan, baina bi herrietako sentitzen gara. Hala ere, guretzat garrantzitsua da Lasaok bere nortasun propioa mantentzea, eta horretan festek eta auzoko bizimoduak zeresan handia dutela uste dugu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide