Paperekoa
[ENBIDOA] Kalekumea beti kalekume!
— 2025-05-12Kaixo Elena, a zer maitasun istorio polita! Ba ni ere kaletik mendi aldera, nire kasuan iraganeko bizi-esperientziak eramaten nau lurrari lotuta bizitzea.
Granadako Alpujarran igaro ditut urte batzuk “finca” baten bizitzen eta orain kale etxean ezin kabitu. Han nengoela, garbi neukan horrela bizi nahi nuela hemen ere. Asko begiratu ondoren eta amatxo-aitatxoren laguntza ekonomikoarekin, Illurdan aldean, Aizarnan, erosi dut Eguzkitza izeneko baserri zahar bat. Baserria guztiz eraberritu beharra dago eta bioarkitekturan oinarrituko naiz berria egiteko. Hormak, adibidez, lastozkoak izango dira eta igeltsua karearekin egindakoa. Komentatu dieten guztiek esan didate behin ere ez al dudan irakurri hiru txerritxoen ipuina, baina ni lasai nago, ez dut otsorik ikusi gure inguruetan.
Baserriaz gain, terrenoak hiru hektareatik gora ditu eta nire proiektuak, baratza eder bat, fruta-arbola mordoxka bat eta animalia batzuk izango ditu. Kalekumea izanda ez ote da gehitxo izango niretzat? Gainera uste nuen denborarekin zaildu eta baserritar bihurtuko nintzela, baina ez omen da horrela, kalekumea beti kalekume! Pixkanaka eta jarrera egokiarekin beti aurrera; besterik ez bada, kuadrilla handia daukat-eta laguntza behar dudanean eskatuko diet, dena ez da ba sagardotegira joatea izango.
Oraindik dena airean dago baina ez al dira ba ametsak betetzeko izaten? Ametsetan segita, baserritik ereindako eta inguruko elikagaiekin oinarritutako sukaldaritza egitea gustatuko litzaidake. Gure amamek egiten zituzten plateretan, eskuaz gain, bertako osagai osasuntsuak zeuden. Uste dut hori dela oinarria, gure inguruko baserritarren elikagaiekin egindako jakia, zapore horiek ez dira behin ere ahazten. Tira, lehenik eta behin baserria ordaindu eta gero sartuko naiz sukaldaritza proiektuan.
Akoa bailaratik etorri da enbidoa eta badoa berriz hara. Baserritar petoa daukat lanean lankide, Iñaki Odriozola. Hi ez haiz kalekumea baina orain kalean habil lanean, eta arratsalde batzuetan umeen parkean…: baserritik herrira bizitzera jaistea planteatzen al duk?
Ander Etxeberria
Egin zaitez bazkide