Albisteak

Kaskarotek bete zuten Laranjadi plaza Itxaropenaren ikasturte amaierako jaialdian

Goraino bete zen atzo arratsaldean Laranjadi plaza Itxaropena dantza taldeak ikasturte amaierarako prestatu zuen Kaskarotak dantzan ikuskizuna ikusteko. Ikusle ugari bildu zen emanaldiaz gozatzera, baina plazan bertan ere jende asko aritu zen; izan ere, taldeko 90 dantzari inguruk hartu zuten parte, 6 urtetik 60 urtera bitartekoek.

Aurtengo jaialdirako Lapurdiko kaskaroten tradizioa hartu dute ardatz. Inauteri garaian etxez etxe ibiltzen diren talde horien giroa ekarri zuten Zestoara, urtarriletik martxora bitartean Lapurdiko herrietan ikus daitezkeen kaskarotak ekaineko arratsalde eguzkitsu batean Laranjadi plazara ekarrita.

Dantzariek ohiko jantzi zuriak soinean zituzten, koloretako zintez eta lorez apainduta, eta kaskaroten errepertorioko hainbat dantza eskaini zituzten. Xinplea, marmutxa, makila-txikia, makila-handia, dantza-jauziak eta fandangoa bezalako piezek osatu zuten emanaldia, guztiak zuzeneko musikaz lagunduta.

Musikarien artean izan ziren Garikoitz Mendizabal, Xabi Zabala, Jon Mendizabal, Gorka Regil, Beñat Etxabe eta Joseba Regil. Musikaz gain, kanturako tartea ere izan zen.

Kaskaroten segizioko pertsonaia ezagunek ere egin zuten agerraldia: Ponpier eta Kotilungorri, banderaria, jaun-andereak eta beste hainbat lagun. Eta tradizioak agintzen duen bezala, hartza ere azaldu zen.

Belaunaldi ezberdinak oholtza berean elkartu zituen emanaldiak, eta ikasturte osoan egindako lana erakusteko aukera izan zen beste behin, ikasturteari amaiera borobila emanez.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide