Albisteak
Mauriziak ez du inor hil eta Aizpea Aristi, udari ongi etorria emateko
— 2023-06-20Mauriziak ez du inor hil ikuskizuna Zestoara iritsiko da datorren ostiralean, udari ongi etorria emateko. Aizpea Aristi sortzaile zestoarra ere oholtza gainean izango da, eta bere abestiak plazaratuko ditu aurrenekoz. San Joan suaren ondoren hasiko da emanaldia, Laranjari plazan. Atzo goizean aurkeztu zuten emanaldia Zestoako Udalean eta bertan izan ziren Jone Exposito udal zinegotzia, Ines Osinaga Mauriziak ez du inor hil sormen kolektibo ez mistoko kidea, eta Aizpea Aristi sortzailea.
Duela hilabete batzuk emakumeei oholtzan ikusgarritasuna emateko Zestoan hasitako iniziatibari jarraipena emateko helburuarekin antolatu du emanaldia Zestoako Udalak. “Momentu honetan kulturari ari gara lekua ematen parekidetasun arazoa ikusarazteko, baina esan beharra dago arlo askotan dagoela hutsunea dela” azaldu du Jone Exposito zinegotziak.
Plazandreei gorazarre
Mauriziak ez du inor hil Maurizia Aldeiturrigaren kopletatik abiatuta, euskal folklore digitalean eta formatu berrietan oinarritutako proiektua da, kopla zaharrak eta orduko istorioak ezagutzeko, doinu tradizionalei gaur egungo eszenan espazio bat eskaintzeko eta plazandreei gorazarre egiteko sortua. Ines Osinaga sortzailearen arabera, Mauriziak ez du inor hil ez da musika talde soil bat, “plazak egiten dituen kolektibo bat” baizik. Tokian tokiko kultura egiten saiatzen direla azaldu du, eta emanaldi bakoitzak egun eta toki bakoitzerako sortzen dituztela. Emanaldi horietan Maurizia anfitrioi bat izaten dute, sortzaile bat, eta sortzaile horrekin batera, leku bakoitzerako ikuskizun propio eta bakarra sortzen dute. Zestoako kasuan, Uxue Alberdi bertsolari eta idazlea izango da pertsona hori. Alberdirekin batera sortu dituzte ostiralean plazaratuko dituzten kopla, testu eta narratiba guztia. Saioan “atsoari gorazarre” egingo diotela nabarmendu du Osinagak, “suari kantatuko diogu, bizitzari eta sorgin itxurako andreei”. Emanaldi guztietan tokian tokiko emakume sortzaile bat izaten dute gonbidatu gisa, eta kasu honetan, Aizpea Aristi izango da. “Guretzat ohore bat da Aizpea Aristirekin batera oholtza konpartitzea, iruditzen zaigulako ez dagoela bidelagun hoberik tokian tokiko andrazko musikari bat baino” esan du Osinagak.
Aristik bere kantak plazaratuko ditu ostiralean aurrenekoz, eta ekitaldi “oso berezia” izango dela azaldu du. “Kontzertu xumea izango da, agertokian gitarra eta ni izango gara, eta berezia izango da”. Arregik esan du emakume gehiago behar direla oholtzetan, “erreferenteak behar ditugu, eta gu saiatuko gara Zestoako herritarrek ikus dezaten posible dela emakumeek agertokian eta eremu publikoa hartzea, eta hor jarraituko dugu lanean”.
Musika elkartearekin lanean
Ines Osinagak azaldu du uda pasa ostean, Zestoako musika elkartearekin elkarlanean, sentsibilizazio saioak egiteko asmoa dutela. “Argi dago musika eta maskulizinaztua dela, plazak, espazio publikoa, gizonek hartu dute andrazkoek baino gehiago, eta iruditzen zaigu inportantea dela elkarrekin hitz egitea eta lantzea zeintzuk diren genero arrakalak plazan, zeintzuk diren zailtasunak… Uste dugu merezi dugula plaza bizigarri, jasangarri eta berdinzaleago bat”.
Egin zaitez bazkide