Uztaila 2026
— 2026-08-25Irakurri 284. zenbakia hemen.

Larunbat honetan, urriaren 3an, egingo dute Beñat Arrue eta Benantxio Irureta mendizaleen oroimenezko V. ibilaldi neurtua, Aizarnan. Hitzordua gerturatzen ari dela eta, antolatzaileek gogorarazi dute aldez aurretik izena eman behar dela herrikrosa.eus atarian. Era berean, herritarrak gonbidatu dituzte parte-hartzaileak animatzera.
Aizarnako Herri Elkarteak, Agiro mendi elkarteak eta Zestoako Udalak antolatutako proban bi ibilbide izango dituzte aukeran mendizaleek: luzea, 25 kilometrokoa eta 1.300 metroko desnibela duena; eta motza, 10,4 kilometrokoa. Aizarnan hasi eta Aizarnan bukatuko dira bi ibilbideak, eta besteak beste, Komisolatzan, Gazumen, Iturriotzen eta Altzolan barrena ibiliko dira mendizaleak. Ibilbide luzeko parte-hartzaileak 07:30etik 08:00etara abiatuko dira, eta motzekoak, 09:00etatik 09:30era.
Ibilaldian parte hartzeko izen-emateak 17 euroko prezioa du, bi ibilbideetarako. Ondoren, bazkari herrikoia egingo dute Aizarnan, 14:30etik aurrera. Bazkarian parte hartu nahi dutenek ere aurrez eman behar dute izena, beste 20 euroren truke.
2016an antolatu zuten lehen aldiz bi aizarnarren omenezko ibilaldia. Arrue 2001eko urriaren 17an hil zen Pumorin, beste lau mendizalerekin batera; Irureta, berriz, 2013ko maiatzaren 4an hil zen Aneton. Haien oroimenez elkartuko dira aurten ere mendizaleak.