Paperekoa
[PINTADA] Hizkuntzen indarra
— 2025-05-26Mundu zabaletik iritsitako kontu, doinu eta ipuinak entzun berri ditugu Aizarnan, Arroabean eta Zestoan. Plazer bat. Eta ezeren aurretik, mila esker kontalari aritu zareten herriko emakumeoi, eskerrik asko zuen kulturen eta hizkuntzen zatitxo bat zestoarrekin partekatzeagatik. Ikasi ditugu hitz berri batzuk, ikasi ditugu beste hainbeste ipuin; baina, batez ere, ikasi dugu partekatzeko uneak eta aukerak denon artean sortu behar ditugula, herritarron artean. Momenturen batean gutako bakoitza protagonista izango den espazioak. Eta hori lortuta, gu kontent. Kontaketa ariketa honek eman baitigu aukera jabetzeko herritar berriek dakartzaten hizkuntzak eta kulturak onartzeak ez duela esan nahi gureak alde batera utzi behar ditugunik.
Eta balio izan digu baita ere, jabetzeko gure herriko ateak irekitzearekin batera, datorrenari egin diezaiokegun oparirik ederrena hizkuntza dela. Euskara. Elkar ulertuko badugu, euskaraz izango baita.
Itsaso Zubiria Liburuzaina eta Nora Palmitano Euskara Teknikaria
Egin zaitez bazkide