Albisteak
Txoko Feministak, Gaztetxeak eta Gaztedi sailak ‘Feminismotik (h)astea’ antolatu dute
— 2018-06-07Txoko feminisak, Gaztetxeak eta Gaztedi sailak elkarlanean antolatuta, “Feminismotik (h)astea” izango da datorren ekainak 11 eta 16 bitartean. Txoko Feministako kideen esanetan, aldarrikapen eta ekintzaz beteriko astea izango da. “Emakumea oinarri hartuta antolatutako astea da, gure historia, gure beharren lanketak eta eremu publikoan daukagun lekua landuko ditugu” adierazi dute.
“Zerbait egiteko gogoa genuen eta hasiera batean, emakumeak oholtza gainean aldarrikatuko zituen egun bat prestatzekotan ibili ginen. Gerora ordea, ekimenez betetako aste oso bat prestatzea erabaki genuen gure interesekoak eta gu asetuko gintuzten tailer edota hitzaldiak antolatuz. Buruari hainbat buelta eman eta jendearekin kontaktuan jarri ondoren sortu da ‘Feminismotik (h)astea’ azaldu dute Txoko Feministako kideek.
Astelehenean, hilak 11, “Klase feminismoaren oinarriak” hitzaldia izango da arratsaldeko 19:30etan hasita Gaztetxean, Nahia Santanderren eskutik. Ostegunean, hilak 14 “Gorputzari tratu onak” emakumeentzako tailerraz gozatzeko aukera egongo da. Arremanitzeko kide den Haizea Egigurenek dinamizatuko du saioa. Arratsaldeko 19:00etatik 20:30era izango da eskola txikiko psikomotrizitate gelan. Asteari amaiera borobila emateko, larunbatean, hilak 16, ‘Bargaztak oholtzan’ gauaz gozatzeko aukera egongo da Gaztetxean. Iluntzeko 22:30ean hasita, MICE eta ON musika taldeen kontzertuak izango dira entzungai, ondoren, DJ Turtukiña. Bertaratzen direnek, zozketa erotikoan parte hartzeko aukera izango dute. Kontzertutarako sarrera bost euro ordaindu beharko da.
Egin zaitez bazkide