Albisteak

Udalak oharra kaleratu du larunbaterako iragarrita dauden ekitaldien inguruan

Zestoako Udalak, asteburuari begira hainbat ohar jakinarazi ditu. Honela dio idatziak:
Zestoako Udalak astebururako iragarrita dauden ekitaldi ezberdinen inguruan ondoko neurri eta oharrak aditzera eman nahi ditu:
1- Bizitza plataformak irailaren 11rako sare sozialetan iragarria duen egun osoko ekitaldia, Zestoako Udalak, indarrean dagoen araudian eta espazio publikoen erabilerak eskatzen dituen baldintzetan oinarrituta, ez baimentzeko erabakia hartuta eta antolatzaileei jakinarazpenaren berri emanda dauka.
2- MANITU eta BELAKO musika taldeen irailaren 11ko kontzertua, aurreko larunbatekoa bezala, iluntzeko 10etatik arratseko 8etara aurreratuko da. Sarrera guztiak agortuta daude baina aldaketaren ondorioz sarrera erosi eta bertaratu ezin dutenei dirua itzuliko zaie. Dirua itzultzeko epea ostiralean, irailak 10, eguerdiko 12etan iraungiko da eta kontzertua orain arte bezala indarrean dauden osasun eta segurtasun neurri guztiak beteaz egingo da.
3- Larunbatean kanpotik etor daitekeen jende uholdea saihesteko, herri sarreretan eta bus geltokian ertzaintzak kontrolak jarriko ditu. Ondorioz, Zestoarrak ez direnei ez bertaratzeko eskaera egiten zaie.
Besterik gabe, arduraz eta heldutasunez jokatzeko gai izango garelakoan, herriko jaiak behar bezala elkarrekin disfrutatzeko garaiak gertuago ditugula sinistuta jaso agur bero bat.
Zestoan, 2021eko irailaren 8an
MIKEL ARREGI URRUTIA
Zestoako alkatea



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide