Albisteak

Zestoako Antzerki Astea ekainaren 24tik 28ra egingo dute

Eromen Produkzioak taldeak antolatuta, ekainaren 24tik 28ra egingo dute aurten ZAA!26, Zestoako Antzerki Astea. Antzezlan, ipuin kontaketa eta familientzako saioez osatutako egitaraua prestatu dute, gehienak Caravan Parken egingo diren arren, ekainaren 26ko haurrentzako emanaldia Kultur Etxean izango da.

Antzerki astea ekainaren 24an hasiko da, 20:30ean, Eromenen taldearen “Deus ex machina” lanarekin. Hurrengo egunean, ordu berean, “Aitaren etxea” taularatuko dute. Ekainaren 26an, berriz, bi saio izango dira: 17:30ean “Munduko ipuinak, ahoz aho”, Eromen antzerki eskolako txikien emanaldia, eta 20:30ean “Pinus Sylvestris”.

Ekainaren 27an Dejabú konpainiaren “Itzulera” antzezlana izango da ikusgai, eta antolatzaileek nabarmendu dute aurten Donostia saria irabazi duen lana dela. Azken eguna, ekainaren 28a, familien eguna izango da: 17:30ean Eromeneko nerabe taldearen “Bunkerra” ikusi ahal izango da, meriendaren ostean, 19:00etan, Mar-Mar Teatroaren “Elara, bidaia bat izarretara” lanarekin amaitzeko.

Emanaldi guztien ondoren sormen prozesuaren inguruko solasaldiak egingo dituzte.

Sarrerak datorrren astean jarriko dira salgai:

Bono osoak 25 euro balioko du eta 18 urtetik beherakoek %50eko deskontua izango dute. Sarrerak ekainaren 2tik aurrera jarriko dituzte salgai Zestoako Turismo Bulegoan. Ekainaren 5ean kaleko salmenta eta informazio puntua ere jarriko dute arratsaldez, eta ekainaren 6tik aurrera internet bidez ere eskuratu ahal izango dira, Entradium plataforman.

Argazkiak: Eider Iturriaga




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide