Maiatza 2026
— 2026-06-03Irakurri 282. zenbakia hemen.

Kultur Etxeko aretoaren eraldaketari eta herriko kultur azpiegituren etorkizunari buruzko hirugarren saioa egin zuten atzo. Udaleko ordezkariak eta herriko eragile nahiz norbanakoak lehengo jubilatuen tabernan elkartu ziren, azken hilabeteetan landutako aurreproiektua aurkezteko eta hurrengo urratsak partekatzeko.
Martxoaren amaieran izan zen bigarren saioan Kultur Etxeko aretoaren birmoldaketa izan zen eztabaidagai nagusia. Bertan jasotako ekarpenen ondoren, Kultur Etxeko aretoa eta jubilatuen taberna hartuko dituen aurreproiektua aurkeztu zuen atzoko bileran Udalak. Igogailua berritzea ere proiektuan sartuko dutela iragarri zuen alkateak. Horrez gain, jangela berria egiteko proiektua ere aipatu zen.
Gaur egun eskola txikiko bideo gela, salto gela eta Danbolinen bulegoa dauden espazioan jangela berria eraikiko dute. Lanak hil honen erdialdean hasiko dira, eta horren ondorioz, Danbolinen bulegoa musika eskolaren ondoan dagoen KZ Gunera lekualdatuko dute. Udalak azaldu duenez, obrak irailean, ikasturte berria hasi aurretik, amaituta egongo dira.
Azken hitzorduan azaldu bezala, gaur egungo aretoa espazio diafano bihurtuko da, eta horretarako, eserlekuen gunea, oholtza eta oholtzaren atzealdea altuera bereko espazio bakar batean integratuko dira. Eserlekuei dagokionez, aldiz, aukera desberdinak aztertu badira ere, oraindik ez dago erabakirik hartuta. Eraikinaren egitura mantentzeko beharrezkoak diren zutabeek eta karga-hormek espazioa baldintzatuko dute, eta oholtzaren zabalera ezin izango da handitu. Gaztetxearen kasuan, jakina denez, goiko solairutik beheko solairura lekualdatuko dute, orain arte jubilatuen taberna izan den espaziora.
Azken batzarrean, kultur eragileek aretotik zuzenean sartzeko moduko kamerino baten beharra nabarmendu zuten. Aurkeztutako aurreproiektuan halakorik aurreikusten ez zela ikusita, aukera hori aztertzeko konpromisoa hartu zuen Udalak. Egindako azterketaren ondoren, kamerinoak gaur egungo jubilatuen tabernako sukaldearen espazio guztia hartuko du. Horrela, aretotik sarbide zuzena izango luke, baina etorkizuneko gaztetxetik ez litzateke bertara zuzenean sartzerik egongo. Bestalde, gaztetxe berritik aretorako sarbide zuzena gaur egun jubilatuen tabernako komunak dauden tokian kokatuko dute. Horretarako, komunetako bat kendu eta pasabide berri bat irekiko dute bi espazioak lotzeko.
Obrak lau hilabete inguru iraungo dutela aurreikusten da, eta Udalaren asmoa lanak 2027an hasi eta urte bereko erdialderako amaitzea da.
Aretoaren eraberritzeak eta gaztetxearen lekualdaketak eraikineko beste espazio batzuetan ere aldaketak eragingo dituzte, eta horrek Kultur Etxea erabiltzen duten hainbat eragileri eragingo die. Hala, Udalak azaldu du gainerako espazioen eraldaketa lehen fase honetako lanak amaitu ondoren zehaztuko dela.
Horren harira, eragileek kezka agertu zuten, bai obrek iraun bitartean beren jarduerak non egingo dituzten jakiteko, bai lanak amaitutakoan Kultur Etxeko gainerako espazioen antolaketa nolakoa izango den argitzeko. Era berean, aurreko saioetan bezala, kultur taldeen arteko koordinazioa indartzeko egitura iraunkor bat sortzeko beharra ere mahai gainean jarri zuten.
Halaber, lokalen erabilerarako lagapen hitzarmenak ere aipatu zituen alkateak. Gaur gun, Udalak jubilatuen elkartearekin bakarrik du gisa horretako hitzarmena eta etorkizunean gainerako eragileekin ere egitea komeni dela adierazi zuen. Hori, dena den, etorkizunean sortuko den koordinazio gunean hitz egingo dela adostu zen.
Hurrengo saioa irailaren 15ean izango da, 19:00etan, Kultur Etxeko aretoan. Bilera horretan, Udalak proiektuaren garapenaren berri emango du eta hurrengo urratsak adostuko dira.