Albisteak

Zestoa Osasuntsu, kirola baino gehiago

Duela 28 urte hasi zen Mikel Irure gimnasiako klaseak ematen. Urteak pasa ahala, saioei berrikuntza bat emateko asmoz, musikaz lagundutako ariketak egiten hasi ziren. 2015ean, Zestoa Osasuntsu egitasmoa sortu zuten. Egitasmo honen helburua, hirugarren adineko jendea soinketa egitera gonbidatzea da. “Ordutik, denon artean erabakitzen dugu nolako ariketak egin” azaldu du Irurek. Saioak kirola egitea baino gehiago direla dio, parte hartzaileek elkarren artean duten giro ona nabarmenduz. Osasuntsu mantentzeaz gain, asteko egun horietan etxetik irten eta taldekideekin egoteak dituen onurak azpimarratu ditu. “Giro ezin hobea dugu taldean, azkenean lagun koadrila bat bezala da” adierazi du.

Zestoan, guztira 50 laguneko taldea osatzen dute baina saioetan 25 edo 28 inguru biltzen dira. Auzoetan, berriz, 30. “Edonor etor daiteke saioetara, jubilatu, pentsionista, errehabilitazioan dagoen norbait…” esan du Irurek. Zestoan, astelehen, asteazken eta ostegunetan biltzen dira, goizeko 10:00etatik 11:00etara. Arroagoian, astearte eta ostegunetan 11:00etatik 12:00etara. Aizarnan, astearte eta ostegun arratsaldetan, 18:00etatik 19:00etara, eta Arroabean, asteartetan 10:00etatik 11:00etara eta ostegunetan 16:30etatik 17:30era. Egitasmoan parte hartu nahi dutenek kiroldegian eman beharko dute izena.

Saioetan parte hartzen duten lau lagunen iritziak jaso ditugu:

Antonio Morcuende

Orain dela 11 urte hasi nintzen saioetara etortzen. Asko gustatzen zait eta gainera giro ezin hobea dugu taldean. Klaserik gabeko egunetan faltan botatzen da.

Arantxa Elosua

2018 bukaeran hasi nintzen etortzen, urria inguruan. Pasa den urtean jubilatu nintzen eta zerbait egiteko gogoa nuen. Hona etortzen hasi nintzen eta oso gustura nago. Osasunarentzat oso ona da. Nik lehen ez nuen batere ariketarik egiten eta hau gustura egiten dut.

Antton Etxeberria

Duela hiru edo lau urte hasi nintzen etortzen. Oso gustura nago, jendearekin oso ondo moldatzen naiz eta gainera onura atzeman dut nire egoera fisikoan.

Arantxa Rezabal

2018ko irailean hasi nintzen. Lehen ere pilatesen ibiltzen nintzen eta hemen ere eroso sentitzen naiz. Gure artean giro ezin hobea dugu eta oso ondopasatzen dugu.

Hemen dituzue joan den asteko saio batean hartutako irudiak:

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide