Albisteak

Zestoako aztarnategiei begirada geologikotik helduko diete bihar Alonderon

Larrazken Kulturalaren barruan, herriko historia ezagutzeko hiru hitzaldi eta bi erakusketa egingo dira.

Bihar, azaroaren 26an, izango da lehen hitzaldia. Martin Arriolabengoa Zubizarretak eta Ane Corral Cobosek Hezurretatik haratago hitzaldia emango dute 18:30ean, Alonderon. Zestoako aztarnategi paleontologiko eta arkeologikoak geologiaren ikuspegitik aztertuko dituzte.

Igandean, azaroaren 29an, Antxieta Arkeologia Taldeak arkeologia erakusketa jarriko du udaletxe azpian. 11:00etatik 15:00etara egongo da ikusgai.

Zestoako historiaren beste bi pasarte abenduko hitzaldietan

Abenduaren 9an, Arroabeko zigor-destakamentuari buruzko ikerketaren berri emango du Aranzadi Zientzia Elkarteko Zoihartze Osak, 18:30ean, Arroabeko Elkargunean. 1940ko hamarkadan, diktadura frankistak behartuta, gutxienez ehun preso politikok egin zuten lan Arroako ABC zementu-fabrikan eta fabrika inguruko harrobiekin lotzen zuen aireko linea elektrikoa eraikitzen.

Azken hitzaldia Karlos Almorzak emango du abenduaren 16an, 18:30ean, Alonderon. Europako iheslariak Zestoan konfinatuta izenburupean, 1943ko udaberrian naziengandik ihesi Zestoara iritsi ziren ehunka atzerritarren historia kontatuko du. Gehienak Frantzia eta Belgika aldetik etorri ziren, eta herriko hoteletan egon ziren konfinatuta, Guardia Zibilaren zaintzapean. Gaiari lotutako erakusketa ere izango da Alonderon, abenduaren 16tik 18ra.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide