Ekaina 2026
— 2026-07-02Irakurri 283. zenbakia hemen.

Bizitzeak heriotza zor… hala entzun izan dut nik. Egia da heriotzatik inor ez garela salbu izango; horrek berdintzen gaitu denok. Batzuetan ustekabean iristen da, beste batzuetan inguruan bueltaka darabilgu, baina modu batera edo bestera heltzean, mina ematen du. Guri egokitu zaigu orain dela gutxi: amaren heriotza iritsi zen hilaren hasieran. Heriotzari iheska ibili zen gure ama, iskin egiten zion eta amak esaten zuen “enitxion makala e!”. Beti ezin iskin egin, ordea, eta iritsi zitzaion azken hatsa emateko unea. Ez zen une xamurra izan, nahiz eta amak berak eskatu sedatzea; ez da erraza erabakia onartzea, ikustea badoala eta era berean sufritzen ikusi nahi ez izatea. Sentimendu kontrajarriak inondik ere.
Hiltzen ere lagundu daiteke, eta horrela egin genuen, azken uneraino bere ondoan izateko aukera izan genuen eta. Bestalde, pentsatzen dut oso erabaki ausarta dela norbere heriotzaren gainean hartutakoa, ikustea ez daukala itzulbiderik eta bizitzaren amaiera iritsi dela: duintasunez hiltzea gauza handia da. Denoi iritsiko zaigu, eta geratzen direnei gauzak errazteko bidea da aurretiazko borondateak idatzita uztea ere.
Galbahea poesia liburuan azaltzen den bezala “gure ama, bere amaren antzera, beste emakume eta ama askoren antzera, sufrimenduaren harri-jasotzailea izan zen”. Baserrian jaioa, bost seme-alaben ama; anaia, osaba, ama, izeba, gure aita, bilobak… denak zaindu zituena/gintuena; San Juan egoitzako langile izan zena eta ondoren egoiliarra. Guraso elkartean ibilia, Lourdesera bidaiak ere egin izan zituen gaixoekin… Zaintzari buruz zerbait baino gehiago erakutsi zigun, bai!
Orain atseden hartzea dagokio, eta guri bera gabe bizitzen ikastea, bizilegea omen. Ez da erraza hitzetan adieraztea sentitzen den guztia, mina ez da nirea bakarrik, gurea da. Lagun batek bidali zidan mezuan, haren bikotekideak amaren eskelan idatzitakoak, laburbiltzen du orain sentitzen duguna: “Ama, zure barruan egon ginen, orain gure barruan zaude”. Olazabalgo lurrak goxo har zaitzala.
Erkuden Larrañaga