Ekaina 2026
— 2026-07-02Irakurri 283. zenbakia hemen.

Igande honetan, abuztuaren 23an, amaituko da Ondarbasoko igoeran izena emateko epea. Aurten ere kirol probak emango dio hasiera Gazte Egunari, eta 39. edizioa beteko du. Igoera abuztuaren 29an izango da, 11:00etan.
Ia 40 urteko ibilbidea osatzear dela, Zestoako Txirrindulari Elkartekoek aurreratu dute datorren urteko 40. ediziorako zerbait berezia prestatuko dutela. Dena den, aurtengo edizioak ere izango du berezitasunik, sari banaketaren barruan omenaldi bat egingo baitute.
Proba 16 urtetik gorakoentzat izango da eta, beti bezala, parte-hartzaileak Zestoako plazatik abiatuko dira, Ondarbasoraino hiru kilometroko ibilbidea egiteko. Igoera erlojupeko formatuan jokatuko da.
Zestoako Txirrindulari Elkarteak antolatutako proban, federatuta ez daudenek 661 391 336 edo 667 343 245 telefono zenbakietara jota eman dezakete izena, baita informazio gehiago jaso ere.
Antolatzaileek herritarrak igoeran parte hartzera animatu dituzte, baita ibilbidera gerturatu eta parte-hartzaileak animatzera ere.