[KOMUNITATEA] Aizarnako harrera beroa pilotariei
Danbolin— 2026-08-21Gaur egun, kirolean lehiaketa garrantzitsuren bat irabazten denean, edo futboleko ligan lehen sailkatzen direnean, ohikoa izaten da herrian kirolariei harrera berezia egitea. Aspaldiko kontua bada ere, antzeko zerbait gertatu omen zen Aizarnan, herriko bi pilotarik Zestoan jokatutako txapelketa bat irabazi ondoren.
Egun, horrelako ospakizunetarako bi solairuko autobusak erabiltzen dira. Txanpaina, ikurrak, kantuak eta umorea nagusi izaten dira, eta kirolariek herritarrekin batera ospatzen dituzte garaipenak. Pasarte hau gertatu zen garaian, ordea, ez zegoen halako autobusen arrastorik ere gure lurraldean; bai, ordea, kamioiak ‘kajerarekin’. Bi solairuko autobusa izan edo kajeradun kamioia izan, zer axola? Garrantzitsuena merezitako harrera beroa egitea da kirolariei.
Zestoako Eliz-Ondo pilotaleku zaharrean bi pilota-txapelketa antolatu zituzten jarraian 1940-1941 urte inguruan. Pilotalekua elizarena izanik, antolakuntzaren arduraduna «Pilotari Luzea» deitzen zioten apaiza omen zen.
Lehen urteko txapelketa hartara Julian Agirre eta Akilino Peñagarikano bikotea aurkeztu omen zen, beteranoen mailan, Aizarnatik. Biak ere pilotaleku berezietan jokatzera ohituta zeuden, Aizarnan elizako paretaren kontra jokatzen baitzuten.
Aizarnatik jende multzo handia hurbildu omen zen herriko bi pilotariak ikusi eta animatzera. Izan ere, arerioak ez ziren nolanahikoak: Etxabe III.a eta Alkorta zestoarra, izen handiko pilotariak biak ere. Julian eta Akilino nagusitzen ikustean, gustura omen ziren Aizarnarrak.
Partidua irabazi ondoren, ez omen zen umorerik falta Zestoako erdi kalean. Benetan ospatu omen zuten Aizarnarrek. Baina, ondoren herrira itzultzeko, galtzada zaharretik oinez igo behar zuten, garaikur eta guzti. Horregatik, beste bide bat hartzea pentsatu omen zuten; nekerik gabea eta azkarragoa gainera.
Bazekiten Kandido Urangak “Austin-Barreiros” kamioi bat gidatzen zuela, eta, erregutu ondoren, honek jabearekin adostu omen zuen Aizarnarrak kamioian herrira igotzea. Hasieran ez omen zegoen ados hainbeste lagun kajeran sartzearekin. Arriskua ikusiko zuen nonbait. Azkenean, baldintza batekin baiezkoa eman omen zien: denak eserita joatea, ia Aizarnara iritsi arte.
Adostu eta baita abiatu ere. Denak eserita abiatu ziren Zestoatik, kajera barruan. Baina Aizarnara iristear zirenean, denak zutitu egin omen ziren. Txapeldunek kopa altxatuta eta herritarren txalo artean sartu omen ziren herrira. Jakina, harrera beroa egin zieten, eta egun osoan festa-giro bikaina egon omen zen Aizarnan.
Kirolaren ikuspegitik ez dakit txapelketa honek zenbaterainoko garrantzia izango zuen, baina Aizarnan eman zioten berea. Zestoan, eta zestoarren aurka, lehiaketa bat irabazi eta kopa Aizarnara ekartzea ez zen nolanahiko lorpena izango.
Ez dakit hala egin zuten edo ez, baina irudi ederra izango zen Julian Agirre eta Akilino Peñagarikano kontzejuko balkoitik herriari garaikurra eskaintzen ikustea, jendea plazan txaloka zela.
Dena den, pasarte honek bere arrastoa utzi du herrian. Argazkiak jasota daude, eta herriko tertulietan behin baino gehiagotan gogoratzen dugu gertakizun hau. Baliteke kopa hura ere oraindik apalen batean gordeta egotea, Aizarnako pilotariek egindako balentriaren lekuko.
Amaitzeko, esan behar dut lehen ere zerbait entzunda nuela pasarte honen berri, eta argazkiak ere jasota nituela, baina xehetasun gehienak Xabier Iriondoren tertulia batetik jaso ditut. Ez dakit denak zuzen jaso ditudan, zerbait borobilduta agian baina eskertzekoa da berak nirekiko izan duen jarrera pasarte hau ezagutzeko eman didan laguntzagatik.
Jon Egiguren
Egin zaitez bazkide
