Albisteak

Energia-komunitateei babesa emateko Ehnergia Sarean sartu da Zestoako Udala

Larunbatean, urriaren 3an, eratu zuten ofizialki Ehnergia Sarea Iruñean egindako batzarrean. Euskal Herriko 20 energia-komunitatek eta 12 tokiko erakundek osatu dute sarea, tartean Zestoako Udalak. Energia-komunitateei babesa ematea, haien arteko elkarlana sustatzea eta burujabetza energetikorantz urratsak egitea ditu helburu kooperatiba berriak.

Zestoako Udalak uztaileko osoko bilkuran onartu zuen Ehnergia Sareko bazkide laguntzaile izatea, eta iraileko udalbatzarrean sarean izango duen ordezkaritza izendatu zuen. Larunbatean, berriz, Iruñeko Pinaquy aretoan egin zuten batzar eratzailea, eta bertan onartu zituzten kooperatibaren estatutuak eta hautatu zituzten zuzendaritza organoetako kideak. Hala, Ehnergia Sarea ofizialki eratu da, bigarren mailako kooperatiba gisa.

Udalbiltzak sustatutako mugaz gaindiko egitasmoa da Ehnergia. Euskal Herriko energia-komunitateak elkartzea eta haien eguneroko jarduna errazteko baliabideak eskaintzea du xede. Era berean, energia-trantsizio justu, jasangarri eta lokala bultzatu nahi du, tokiko energia berriztagarrien erabilera sustatuz eta pobrezia energetikoaren aurka lan eginez.

Argiolarekin egindako lanaren jarraipena

Zestoako Udalak azken urteotan energia-komunitateen alde egindako lanaren jarraipen gisa ulertzen du sarean parte hartzea. Udaletik Danbolini azaldu diotenez, aurreko legegintzaldian bultzatu zuten herrian energia-komunitatea sortzeko prozesua, eta ekimen hartatik sortu zen Argiola. Gaur egun, ordea, izaera propioa eta autonomia dituen energia-komunitatea da Argiola, eta udalak babes eta elkarlan harremana mantentzen du harekin.

Elkarlan horren barruan, udalak hainbat espazioren lagapena egin du energia berriztagarrien instalazioak garatzeko. Arroabeko eskolako eta Aizarnako pilotalekuko teilatuetan instalazioak eginda eta martxan daude dagoeneko. Ondoren, Iraetako futbol zelaiko aldageletako teilatua eta Zestoako kiroldegiko teilatuaren zati bat ere laga ditu udalak, eta azken bi instalazio horiek martxan jartzear daude.

Era berean, herritarrei Argiolan parte hartzeko aukera zabaltzeko elkarlanean aritu dira, eta kolektibo zaurgarriei ere erraztasunak jarri zaizkie energia-komunitateko kide izan ahal izateko.

Energia-komunitateei laguntza teknikoa eskaintzeko sarea

Udaletik azaldu dutenez, Argiolak, gainerako energia-komunitateek bezala, bestelako baliabideak eta laguntza teknikoa ere behar ditu bere jarduna garatzeko. Behar horiei erantzutera dator, hain zuzen ere, Ehnergia. Sarearen helburua tokian tokiko energia-komunitateei zerbitzuak eta babesa eskaintzea da, komunitate bakoitzaren autonomia errespetatuz eta haien arteko elkarlana indartuz.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide