Uztaila 2026
— 2026-08-25Irakurri 284. zenbakia hemen.

Igande honetan, urriaren 11n, Eskola Haziak egitasmoaren beste saio bat egingo dute Amillubin. Oraingoan, bioeraikuntza izango dute ardatz, eta formakuntza eta auzolana uztartuko dituzte. Saioa lehenago egitekoa bazen ere, azkenean igande honetan egingo dute.
Goizeko 9:30ean hasiko da formakuntza, eta 11:00etan ekingo diote auzolanari. Bi saiotan banatutako bioeraikuntza-formakuntza honen helburua murete bat eraikitzea izango da, prozesua praktikaren bidez ezagutzeko. Lehen saio honetan oinarria prestatuko dute, eta bigarrenean, apirilaren 1ean, muretea altxatuko dute. Parte hartu nahi dutenek koordinazioa@amillubi.eus helbidera idatzita eman dezakete izena.
Eskola Haziak egitasmoa
Eskola Haziak agroekologiaren eta nekazaritza jasangarriaren inguruan ikasteko, esperientziak partekatzeko eta sarea ehuntzeko sortutako egitasmoa da. Iazko Auzo(p)lanen ideiatik abiatuta, formakuntza eta auzolana uztartzen dituzten saioak antolatzen dituzte Amillubin.
Martxotik uztailera bitartean lau saio egin dituzte egitasmoaren barruan. Intersekzionalitatea, baratzeetako burujabetza, pribilegio zuria eta merkaturatze agroekologikoa izan dituzte hizpide orain arte.
Igandeko bioeraikuntza saioaren ondoren, beste bi saio egitea aurreikusten dute: bioeraikuntzako bigarren saioa eta ekonomia sozial eraldatzaileari buruzkoa. Azken horretan, landa eremuko eredu kooperatibo eraldatzaileak landuko dituzte.