Martxoa 2026
— 2026-03-27Irakurri 280. zenbakia hemen.

Udaberri atarian, lurra esnatzen ari da. Zelaiak dotore apaindu dira margarita eta San Jose lorez. Txorien kantak ere ederki entzuten dira goizetik gauera.
Etxe zaharreko sukaldean, etxeko andrea bazkari goxoa prestatzen ari den bitartean, aitona eta biloba kontu-kontari daude.
Bilobak begietara zuzen begiratzen dio aitonari, hipnotizatuta egongo balitz bezala.
Aitona konturatzen da eta haurrari begiratzen dio, biak isilik, elkarri begira geratzen direlarik.
Konplizidadea dago bien artean.
-Aitona, ze begi kolore bitxi eta polit dituzun! Ze kolore dira horiek?
Aitonari grazia egin dio bilobak esandakoak.
Marrazkia egiteko eskatzen dio bilobak aitonari. Astoa marraztu dio. Arraro xamarra baina gustatu zaio, maitasunez egin baitio. Gustuko du aitonarekin denbora konpartitzea.
Sukaldeko leihoa zabalik dago eta txorien kanta entzuten da. Txantxangorria gertu da.
Aitonak zera kontatu dio bilobari:
Txantxangorria begi bistan agertzeak zerbait ona esan nahi du..
– Zer esan nahi du horrek aitona?
Maite dugunaren bisita da. Maitasuna eta babesa ematen digula esatera dator.
Gure artean egon ziren, joan ziren baina, nahiz eta gure begiek ezin ikusi guk nahi bezala, hor diraute gure artean eta txantxangorriei esker datoz gugana.
Marraztu dion astoa baino arraroagoa egin zaio ulertzea haurrari, aitonak esandakoa.
Urte ugari pasata, haurra heldu bihurtu da jada.
Sarritan, txorien kantak entzuten dituenean, bihotza pozten zaio, eta barruak lasaitu. Txantxangorria ikusten duen bakoitzean, aitona edo maite dituenak, maitasuna eta babesa ematera agertu ote diren galdetzen dio bere buruari.
Hala ote?
Beatriz Zubia