Martxoa 2026
— 2026-03-27Irakurri 280. zenbakia hemen.

Urola Erdiko zazpi alkate bildu ziren atzo, ostiralez, Zestoako udaletxean eskualdearen etorkizunaren inguruan hausnartzeko. Bertan izan ziren Ana Azkoitia Azkoitiko alkatea, Marikarmen Arregi Aizarnazabalgo alkatea, Joanes Amenabar Azpeitiako alkateordea, Pello Otaegi Beizamako alkatea, Iñaki Errasti Bidania-Goiazko alkatea, Koldo Arzallus Errezilgo alkatea eta Mikel Arregi Zestoako alkatea.
Lehenengo bilkura honetan, eskualdearen etorkizuna eta Urola Erdiak izan beharko lukeen egitura instituzionala izan zituzten hizpide. Hain zuzen, herri bakoitzak aurrera begira dituen aukerei nahiz herrien arteko orekari buruz aritu ziren. Izan ere, gaur egun Iraurgi Berritzen garapen agentziako kideak Azpeitia eta Azkoitia bakarrik dira, eta etorkizunean eskualde osoa hartuko lukeen erakundea sortzea litzateke helburua.
Hori horrela, eskualde ikuspegia ardatz hartuta, herritarrei ahalik eta zerbitzurik egokiena emateko herrien arteko lankidetzaz ere jardun zuten. Horretarako, eskualdearen egungo egitura instituzionala eguneratzearen edo berritzearen komenigarritasuna eta Urola Erdiko erakundeen etorkizuna nahiz eskumenak ere antolatzeko premiaz hitz egin zuten.
Aurrera begira, batzar hauei jarraipena emateko prestasuna adierazi zuten zazpi alkateek.