Albisteak

115. urteurrenaren harira antolatutako kontzertuen egitaraua aurkeztu du Bandak

Zestoako Musika Bandak prentsaurrekoa eskaini zuen astelehenean emanaldiz beterik datorren 115. urteurreneko egitaraua aurkezteko.

-Martxoak 22. Elizondon emango diote urteari hasiera. 2023an Piedrahitako bandarekin egindakoari segida emanez, aurten Elizondoko bandarekin egingo dute elkartrukea. Asteburuan izango dira bertan, 12:00etan Elizondoko pilotalekuan izango da aurreneko kontzertua, eta apirilean, oraindik data zehazteke badago ere, aurreikusten dute izango dela itzulerakoa.

-Martxoaren 28an, ostiralean, arratsaldeko 20:00etan, musika klasiko kontzertua eskainiko dute parrokian. Hainbat artisten oberturekin osatutako kontzertuan errepertorio ezagunak eskainiko dituzte eta sorpresak izango direla ere iragarri dute bandako kideek.

-Maiatzak 30ean izango da 115. Urteurreneko hitzordu bereziena, ostiralean, arratsaldeko 20:00etan izango da kontzertua herriko plazan. Herriko eragileak emanaldiaren parte izatea du helburu kontzertuak eta bertan izango dira Itxaropena dantza taldeko kideak, Idiakaitz txistu taldekoak, Eromen antzerki eskolakoak, bertsolariak, eta herritar talde batek osatutako korua, Herriko eskolako haurrak… Urte guztian zehar izaten duten Udalaren laguntza eskertu zuten bandako kideek, baina bereziki emanaldi honetarako izango duten laguntza azpimarratu zuten.

-Ekainaren 27an Zinetako Soinu Banden urteroko kontzertua izango da, gaueko 22:30ean. Beñat Etxabe zuzendariak azaldu duenez bandako kideei eskatu dizkie beraien gustuko soinu bandak eta jasotako proposamenekin osatuko duela kontzertua.

-Uztailaren 20an, Karmenen baita, Arroabeko jaietan eskainiko dute kontzertua.

-Irailaren 8an, Amabirjin Egunean jaietako kontzertua eskainiko dute ohitura denez eguerdiko 13:15ean, arkupetan.

-Azaroaren 22an Santa Zezilia kontzertua eskainiko du bandak. Aurten gainera musikarien eguna larunbata tokatzen da. Zuzendariak azaldu zuenez euskal kantez osatutako kontzertua izango da.

-Abenduaren 24an urteroko Gabon kontzertuarekin emango zaio urteari amaiera. Beti bezala Gabon abesbatzak, Banda txikiak eta Ertxiña Musika Eskolako ikasleekin osatuko dute emanaldia.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide