[ERREPORTAJEA] Irakasle lanetan Estatu Batuetan

Pasa den udan, Mari Artano eta Iñigo Aizpurua euren hiru seme-alabekin eta Gaizka Kortadi eta Miren Moyano euren alabarekin Ameriketako Estatu Batuetara joan ziren bizitzera. Espainiako Hezkuntza Ministerioaren programa baten baitan Iñigo eta Miren irakasle lanetan ari dira. Dagoeneko urte erdi baino gehiago daramate han, batzuk Massachusettsen eta besteak Ipar Karolinan. Danbolinekin aritu dira euren bizimodu berriaren inguruan.

MARI ARTANO ETA IÑIGO AIZPURUA: “Familiako abentura moduan ari gara bizitzen esperientzia eta polita izaten ari da”

Non zaudete zehazki?

Massachusetts-en gaude, New Englandeko eskualdean. Gure hiriak Framingham du izena eta Bostonetik oso gertu dago. Ekialdeko kostan gaude, amaigabeko baso hostogalkorrean sartuta, lakuz inguratuta. Udazkenean liluratuta egon ginen koloreei begira, herriak eta hiriak basoan integratuta daude eta horrek ematen dio magia. Neguak oso hotzak dira, zeropeko tenperaturak eguna joan eta eguna etorri, elurra, lakuak izoztuta…

Nondik sortu zen ideia familia osoa hartu eta AEBtara joateko?

Ez da erabaki arrazionala izan, gorputzak edo bihotzak agindutako bulkada bat baizik. Atzerrira joateko ideia beti izan dugu buruan, eta familia-abentura moduan planteatu genuen. Gure ilusio eta beldurrekin, baina buelta gehiegi eman gabe. Iazko Gabonetan Gaizka eta Mirenek komentatu ziguten irakasleen deialdia irekita zegoela eta animatuta zeudela; orduan hasi zen bidea. Maiatza hasieran eman ziguten baiezkoa eta abuztuan etorri ginen.

Zenbat denbora igaroko duzue han?

Urte erdia egin dugu eta oraintxe sentitzen dugu egokituta-edo gaudela. Berez ikasturte hau igarotzera bakarrik etorri gara, baina esperientzia positiboa baldin bada, beste ikasturte bat ere pasako dugu. Programa honek bost urtera arte luzatzeko aukera eskaintzen du, beraz, ikusiko dugu nola gauden eta erabakiko dugu zer egin.

Nolakoa da zuen egun bat Framinghamen?

Astegunetan gure egunerokoa lana eta eskola dira. Abendura arte bizikletan joaten ginen eskolara, eskularruak, txapelak, bufandak… jantzi eta aurrera. Inguruak asko laguntzen du, estetikoki ederra da-eta: etxetxoak eta basoa. Gure etxetik bi miliatara (3,22km) dago eskola eta gertu dagoenez ez zaigu tokatzen autobusez joatea (filmetako autobus hori tipiko horietakoa), zeropeko tenperaturak dauzkagunetik kotxean joaten gara.

Martin eta Kattalin eskola berera joaten dira, Iñigok beste batean egiten du lan eta Karen momentuz ez da haurreskolara joaten. Liburutegian ekintza pila bat egiten dira Karenen adineko umeentzat eta han ibiltzen gara askotan. Hemen bost urterekin hasten dira eskolan. Nik etxean egiten dut lan masaje eta kontsultekin.

Martin eta Kattalin 09:00etatik 15:30era egoten dira eskolan, eta han doan gosaltzeko eta bazkaltzeko aukera dute, baina etxean gosalduta joan ohi dira eta bazkaria etxetik eramaten dute; hala nahi dutelako. Gainera, jangelako jatekoa fast food delakoa izan ohi da, ez zaio garrantzia handirik ematen, snack moduko bazkaria egiten dute eta seiak aldera afari-merienda handia. Martinek eta Kattalinek esaten dute eskolan janari normala jaten duten bakarrak direla, kar kar.

Ez dago ohiturarik eskolatik irten eta parkera joateko, egia da orain hotz handia egiten duela. Batzuetan eskolaz kanpoko jarduerak izaten dituzte, eta bestela liburutegira joan ohi gara edo elurretan jolastera…

Iraila eta urrian eskolatik irten eta lakura joaten ginen, bainurako oso ondo prestatuta dago. Asteburuetan irteera txikiak egiten ditugu: New Yorken izan gara bitan, Bostonera tarteka joaten gara…

Haurrak zer moduz ari dira egokitzen?

Martinek okerrena etorri aurretik pasa zuen. Eta Karen etorri berritan arraro egon zen. Kattalinentzat, berriz, zailena eskolan hasi zenean izan zen.

Martin oso gustura dago, klaseak ingelesez izatea oso estimulagarria egiten zaio. Gainera, eskolan musika, artea, marrazketa… asko lantzen dituzte. Hala ere, bai Martinek eta baita Kattalinek ere, Zestoako eskola gehiago gustatzen zaiela esaten dute.

Kattalini gehiago kostatu zaio egokitzea, dena ingelesez delako, eta gazteleraz ere ia ez dakienez eta idazten eta irakurtzen ere ez, Google Translate gisako tresnarik ezin du erabili komunikatzeko. Irakasle eta laguntzaileek oso goxo hartzen dituzte umeak, baina komunikazio aldetik hanka-motz sentitu da Kattalin, bestela ere lotsatia da eta… Dagoeneko lau hilabete daramatzate eskolan eta orain gustura joaten da, ulermena hobetu du eta pixkanaka hasi da ingelesez hizketan.

Orain arte sentsazio oso ona izan dugu atzerritarrekiko duten begirune eta baliabideen gainean. Baina bat-batean Trump boterera heldu denetik beldur handia dago, gauzak aldatu egin dira. Baliabideetatik haratago, paperik gabe muga pasa duten familiak larri daude, ume batzuk eskoletara joateari utzi diote polizia eskolara sartu eta eramango dituzten beldurrez. Eskolatik e-mail asko jaso ditugu immigrazioko poliziak eskolan sartzeko legezko zehaztapenak zein diren azaltzen. Sare sozialetan sarekadak egon daitezkeela zabaltzen da batzuetan… Egun hauetan hezkuntzako murrizketak hasiko direla esan dute eta arduratuta gaude.

Zer gustatzen zaizue gehien zuen bizimodu berrian?

Esperientzia bera ari da izaten ederra, abentura izaten ari da une gogor eta goxoekin, beste mundu baten egokitzen ikastea… Hainbestetan pelikulatan ikusi dugun mundu horretan bizitzea; estatubatuarren kultura ezagutzea… Historia askoko lekua da, ezagutzeko txoko asko ditu. Pixkanaka jendea ezagutzen ari gara eta hemengo bizimodura ohitzen. Iñigo irakasle lanetan oso gustura ari da, teknologia ematen ari da ingelesez eta erronka polita da. Ni pixkanaka ari naiz nire kontsulta martxan jartzen eta horrek ere poza ematen digu. Umeak ere gauza berriak probatzen hasi dira, orain izotzetako patinekin ibiltzen ikasten ari dira, adibidez. Eta familian elkarrekin egoteko denboraz disfrutatzen ari gara.

Eta gutxiena?

Osasungintzaren egoerak harritzen nau: amatasun baimenik ia ez dago, ama askok bi asteko baimena bakarrik izaten dute; oso herrialde aurreratua da alderdi askotan, baina osasun publikorik ez dago, agureak lanean ikusten dira, jendea igeltsuarekin lanean… Salaketa asko egiten den herrialdea omen da, protokolo, lizentzia, eta burokrazia asko eskatzen dute denerako, zuzentasuna gustatzen zaie. Adibide bat jartzearren aurrekoan gurasook zuzendariaren e-mail bat jaso genuen esanez gelan gertakari bat izan zela, baina segurtasun neurri guztiak aplikatu zituztela umeak babesteko: edalontzi bat apurtu zen. Gero Martinek harrituta kontatu zidan gelatik atera zituztela eta beste gela batean sartu bi orduz eta edalontziaren gela prezintatu egin zutela. Martinek, barrez, irakasleak imitatzen zituen “Kontuz! Kontuz!” esanez!

Zer botatzen duzue faltan Zestoatik, Euskal Herritik…?

Jendea, bizitza soziala. Familia eta lagunak (gureak eta umeenak). Eta kaleko giro hori hemen ez da existitzen. Umeek ere lagunak eta herriko eskola faltan botatzen dituzte. Hemen bizitza isolatuagoa da, hala ere, hasi gara lagunak egiten eta, gainera, bisita asko izaten ari gara.

Irailean Oihane, Iñigoren arreba, egon zen hemen eta gero nire gurasoak; orain gurasoak bigarren aldiz etorri dira, konpainia ederra da eta asko laguntzen digute. Laster Iñigoren ama ere etorriko da eta Aste Santuan Zestoako lagunak datoz: poz-pozik gaude!

Gabonetan nire anaia Roman eta Dorleta etorri ziren umeekin eta baita Miren eta Gaizka ere Lilirekin, Ipar Karolinatik. Opor ahaztezinak izan dira!

Zer egin zaizue zailena egokitzeko garaian? Eta zer errazena?

Paper pila bat egin behar izan dugu etorri aurretik, eta bertan zer esanik ez. Kotxea erosi eta gutxira izorratu egin zen, bigarrena erosi behar izan genuen, seguruak, Interneta, telefonoak, bankuak, etxea jantzi… Eta gero umeak eskolan hasteko ere urduritasunak pasa genituen… Bizitza zerotik eraikitzea izan da. Eskerrak elkar hartuta eta sintonia berean gauden! Ezkonduta egotea, adibidez, bisatuak lortzeko baldintza zen eta guk kapitulu honi hasiera emateko baliatu genuen.

Etxea gure erara moldatu eta goxo jartzeak indar asko eman zigun. Etxe ederra eta erosoa dugu, amerikar tipikoa, belardiarekin. Harrigarria da zenbat animalia ibiltzen diren gure etxe bueltan: koioteak, oreinak, azeriak, hontzak, katagorriak ia etxe barruraino sartzen dira…

GAIZKA KORTADI ETA MIREN MOYANO: “Asko pentsatu gabe eman genuen programan izena; familian mundua ezagutzeko aukera ona zela iruditu zitzaigun”

Zergatik zaudete Ameriketako Estatu Batuetan?

Espainiako Hezkuntza Ministerioak urtero ateratzen duen programa baten bidez etorri gara, urtero 600 irakasle inguru etortzen dira lan egitera. Guk Ipar Karolina aukeratu genuen, lehen hezkuntzako pedagogiari zuzendutako irakasleak behar zituztelako, eta horretan Mirenek zerbait badakielako. Kostaldean bizitzea beti gustatu izan zaigu, klima epela, bi urteko haurra… guzti horri begiratuta aukeratu genuen Ipar Karolina. Biok egin genuen eskaera, eta Miren aukeratu zuten. Ni etxeko lanak egiten geratu nintzen hasieran eta orain irakasle lanetan nabil. Haurreskolak oso garestiak dira, guk asteko 200 dolar ordaintzen ditugu.

Non bizi zarete zehazki?

Ipar Karolinaren ekialdeko herri txiki batean. Ozeano atlantikoaren gainean dagoen irla batean, Cape Hatteras du izena; gure herria, berriz, Buxton da, 3.000 biztanle inguru ditu. Oso leku polita da. Zubi luze batek elkartzen du irla kontinentearekin. Outer Banks (OBX) izenez da ezagunagoa ingurua. Outer Banks Netflixeko seriea bizi garen lekuan grabatua dago. Surfa eta arrantza dira hemen nagusi. Udan oso leku turistikoa da eta neguan, berriz, bertakoek dioten moduan “only the locals remain”.

Mareen gorabeherak asko nabaritzen dira kale eta errepideetan; potzu handiak egiten dira, errepidea itxi behar izateraino, eta bide bakar horrek lotzen du gure irla lurrarekin! Hasieran kostatu zitzaigun hori horrela zela onartzea. Urakan eta ekaitz tropikalen garaian berriz (ekainetik azarora arte) gobernuak sms mezuak bidaltzen ditu, eta noiz behinka irla utzi beharra izaten da, horregatik, oinarrizko gauzekin maleta prest izatea aholkatzen da.

Nolakoa da horko bizimodua?

Oso bizimodu lasaia da, natura eta itsasoari lotua. Neguak ez dira oso gogorrak eta hondartza luzeetan paseoak ematea ederra da. Animalia asko ikusten da inguruan: oreinak, koioteak, dortokak, pelikanoak, delfinak… Nahiz eta bertakoek autoa nahiago duten gu gustura ibiltzen gara bizikletaz erosketak egiten edo lanera joaten.

Sozializatzeko momentu gutxi aurkitu ditugu oraingoz, saiatu gara afariren bat edo beste egiten ezagututako jendearekin. Horrek ere poz pixka bat eman digu.

Zerk harritu zaituzte gehien horko bizimodutik?

Bost hilabete inguru bakarrik daramatzagu hemen eta ez gaude tesi sakona idazteko, baina ikusi dugu gizarteak ez duela babes nahikorik aspektu batzuetan: lan ordutegi luzeak, osasungintza sistema ankerrak eta jan ohitura eskasak. Ondorioak nahiko nabariak dira kalean; oso jende heldua ikusi dugu lanean.

Alderdi onak ere ekarri ditu horrek, gizarte indibidual izatetik komunitate izaera nola hartu duen ikusi dugu: donazioak, talde lanak, elkar arduratzeak, zahurgarriekiko jarrera…

WhatsApp-a ezagutzen dute baina e-message izeneko APP bat erabiltzen dute, adibidez. Topikoak ere bai: energia kontsumo handiak dute; asko kontsumitzera ohituak daude; aire egokitua udan eta neguan topera izaten da bazter guztietan; argiak edonon eta edonoiz piztuta; edariren bat beti eskuan; asko bidaiatzen dute estatuz estatu; oso jende gutxik edaten du alkoholdun zerbait edo erretzen du kalean, lege zorrotzak dituzte, ezkutuan egiten den zerbait da.

Bestalde, oso ekintzaileak dira, beti ari dira negozioez hitz egiten. Supermerkatuak ikusita ere, harritu egin ginen: oro har, barazkien zatia oso txikia da snacks eta azukredun edari edo poltsek betetzen dituzten pasillo mordoekin alderatuz.

Nolako hezkuntza sistemarekin egin duzue topo?

Hezkuntza sistema ezberdina da. Klasean askatasun handia dute eta portaera aldetik zuzentasun apur bat falta zaie. Sariketa sistema erabiltzen dute estimulu gisa. Haurrekin oso permisiboak dira, oso babestuta daude.

Irakasle izatea, ekintza sozial modura ikusten da eta horri errespetu berezia dio jendeak. Adibidez, autoen tailer batera bazoaz, edo erosketak egitera, eta irakaslea zarela ohartzen badira, deskontuak egiten dizkizute.

Bestalde, astero samar simulakroa izaten da eskolan: urakan, sute eta tiroketa saiakeren babeserakoak izaten dira. Beldurraren itzala beti gainean dute. Ondorioz, poliziak, suhiltzaileak eta militarrak kirolari ospetsuenen pare goraipatzen dituzte.

Nolako jendearekin egin duzue topo?

Oso jende ona, zintzoa. Harritzeraino lagun zaitzakeen jende klasea. Gustatzen zaie jakitea nongoak garen, zertara etorri garen… Oso goiztiarrak dira, irakasleen kasuan 07:00etarako ia denak eskolan egoten dira. Orokorrean oso familiarrak dira, aisialdia asteburuetan-eta familia giroan pasatzen dute. Erlijioak ere tarte handia du.

Naiara Exposito Alberdi