Albisteak

60 postu inguru izango ditu igandeko Arroabeko Baserritar eta Artisau Azokak

Azaroaren 17an, igandea, Arroabean Baserritarren eta Artisauen Azoka egingo da. Urtez urte gora doa, izan ere, aurten 15 postu gehiago eta gune berri bat izango ditu. 10:00etatik 14:00etara, 60 postu inguruk tokiko produktuak eskainiko dituzte hiru kategoriatan: artisautza, elikadura eta jateko eta edateko txoko bat.

Artisautzaren kategorian, bertaratzen direnek hainbat produktu aurkituko dituzte, hala nola ehungintza, joskintza, bitxigintza, kosmetikoak eta ukenduak, zurezko jostailuak, saskigintzako gaiak, zapatagintza, zeramika, dekorazio-objektuak eta burdina forjatuzko lanak. Elikadura atalean barazki freskoak, ogia eta gozogintza, eztia, intxaurrak, pasta, gaztak, kontserbak, antxoak, infusioak eta belarrak, foie, eta hestebeteak egongo dira.

Jateko eta edateko guneak eskualdeko edariek eta talo postuak beteko ditu: Erlete Goikoa txakolina, Mardu eta Pascual Larrieta ardoak, Ekaingo sagardoa eta Zampano garagardoa.

Parte hartzen duten ekoizle guztiak gertutasunetik edo Euskal Herritik datoz, eta, horrela, ekitaldiak jasangarritasunarekin eta tokiko ekonomia bultzatzearekin duen konpromisoari heldu nahi diote antolatzaileek. Antolatzaileek bertaratzeko eta erosketak egiteko gonbitea luzatu diete herritarrei, garraio publikoa lehenetsiz.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide