Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Lau urte eta erdiko tartean jaio ziren Etxaide familiako lau neba-arrebak. Xabin zen zaharrena, eta azkenak jaio ziren bi neskak, Marije (1960) eta Marijo (1959). Bi ahizpek ondo gogoan dute, duela 40 urte, euren bizitzak betiko markatu zituen gertakari hura. Xabin, beste hiru lagun errefuxiaturekin batera, Baionako Monbar hoteleko tabernan zegoen, Lucien Mattei eta Pierre Frigulie GALek kontratatutako mertzenarioak bertara sartu eta tiroka hil zituztenean.
1985eko irailaren 25a. Memorian, bizitzan… iltzatuta gelditu zaizuen data, ezta?
Marije: Etxean geunden, 21:00ak aldera izango ziren. Dei baten bidez izan genuen atentatuaren berri, Xabin oraindik bizirik zegoela baina, berekin zeuden beste hiruak hil zirela jakin genuen. Aita eta Jose Ramon anaia berehala abiatu ziren Baionara, baina hara iritsi aurretik hil zen. Garai hartan apenas zegoen telefonorik, eta gure artean kontaktatzea ere zaila izan zen. Javier apaizaren bidez kontaktatu genuen elkarrekin.
Gogoan dut behin Hendaian arratsalde pasa egin genuela Xabinekin. Agurtzean bi egun barru zerbait larria jakingo zela esan zigun. Handik gutxira, jakin zen Joxi Zabala eta Joxean Lasa desagertuta zeudela. Beldurrak inbaditu gintuen. Gero etorri zen Monbarreko atentatua.
Marijo: Xabinekin batera hil zuten baten bikoteak esan zigun Xabinek izugarrizko zorte txarra izan zuela, kalera sekula irteten ez zelako. Egun hartan kalera irten zen, ordea. Hori entzutea ere oso mingarria izan zen guretzat.
Dagoeneko 40 urte pasa dira. Denborak dena sendatzen duela diote, hala uste duzue?
Marije: Ez, gertatutakoa ez da sendatzen. Egia da gauza batzuk lausotzen dituela, baina beste batzuk betiko geratzen dira. Min horrekin bizitzen ikasi dugu, baina urteurrena iristen den bakoitzean oroitzapen guztiak berriro pizten dira. Aurtengoa bereziki gogorra izan da.
Azken asteak mugituak izan direla pentsatzen dut.
Marijo: Hala izan dira, bai. Aurten emozio asko berriz bizitu ditugu. Aurtengoa bereziki gogorra izan da, guztia berriro azaleratu duelako. 40 urte hauetan isiltasuna eta ahanztura izan dira nagusi, instituzioen zein komunikabideen aldetik.
40 urteren ondoren, ordea, Gogorak (Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutua) GALen inguruko lana egitea erabaki du, Monbarreko atentatua ardatz hartuta. GALek egindako ekintzarik latzena eta ezagunena izan baitzen hura. Horrek piztutako interesak eta arretak eraginda, komunikabideek eta jende askoren begiradak jarri dira berriz gure gainean azken hilabeteetan.
Baionan izan da 40. urteurreneko ekitaldi nagusia eta bertan izan zineten familia osoa. Nola izan zen eguna?
Marije: Egun benetan hunkigarria eta ederra izan zen. Guztia primeran antolatuta zegoen, xehetasun guztiekin zainduta. Harrituta gelditu nintzen.
Marijo: Goizean Euskadi Irratian izan ginen, Monbarreko atentatuari buruzko saio berezian, atentatuan hil ziren beste hiru gazteen familiekin batera. Ondoren, lore-eskaintza egin genuen Monbar hotela zenaren aurrean. Lau gazteen senideok hainbat erakundetako ordezkariak gonbidatu genituen parte hartzera, eta bertan izan ziren baita lau herrietako alkateak ere. Ekitaldia xumea eta hurbila izan zen, giro nahiko intimoan egindakoa.
Familia guztiok elkarrekin bazkaldu genuen gero, eta arratsaldean, zazpietan, ekitaldi handiago eta hunkigarria egin zen. Jendetza bildu zen, hemendik eta handik etorrita. Musika, kantak, irakurketa bereziak eta memoria izan ziren protagonista.
Amak adin handia du, baina hala ere, hantxe.
Marije: Hasiera batean ezezkoa eman zuen. Familia guztiak elkarrekin joatea erabaki genuela ikusita, animatu zen. Azkenean, oso gustura egon zen, eta oso berezia izan zen berarentzat ere.
Aurretik ere izan duzue harremana Xabinekin batera hil zituzten Jose Mari Etxaniz “Potros”, Inaxio Asteasuinzarra “Beltza” eta Agustin Irazustabarrena “Legra”-ren familiakoekin?
Marije: Bai, nahiz eta denbora asko igaro den haiekin elkartu gabe. Azkenean, halako topaketak doluaren parte ere badira.
Marijo: Harremanetan egon izan gara urte hauetan guztietan. Lau hamarkadetan gauza asko gertatu dira: epaiketak, abokatuekin bilerak, tramite ugari… eta horietan guztietan familiok elkarrekin ibili gara. Haatik, oraingo hau bestelakoa izan da, bereziagoa edo. Hitz eman dugu berriro elkartuko garela bazkari batean.
Beti esan izan duzue biktima guztiak ez direla maila berean tratatu gurean.
Marijo: Gu beti izan gara bigarren mailakoak, argi eta garbi. Familiakoei beti tratatu gaituzte terroristak bagina bezala, eta hor dago diferentzia. Ez dugu izan prentsarik, ez instituzioen laguntzarik, ezta harremanik ere. Guregana ez da inor hurbildu urte hauetan guztietan. Horregatik diot bigarren mailako biktimatzat hartu gaituztela.
Ez al da terroristagoa herritar bat hiltzeko bere baliabide guztiak erabiltzen dituen estatu bat? Eta hori guztia bideratzen duen alderdi politiko bat, ez al da, are terroristagoa? Tamalez, ordea, hori inoiz ez da aintzakotzat hartu.
Hil zutenean ere, ez zenuten behar bezala agurtu ahal izan. Herria poliziaz beteta, sarrerak itxita eta herritarrak ezin sartu hilerrira.
Marijo: Gorpua jaioterrira ekartzeko lau egun igaro ziren, oso luzea izan zen. Baionako mugan Guardia Zibilek jaso zuten gorpua, eta herrira iritsi ginenerako, Zestoa erabat poliziaz inguraturik zegoen. Tiro hotsak ere entzun zirela esango nuke, baina ez nago guztiz ziur.
Marije: Egun hartan shockean geunden denok. Jende asko zegoen bidean zain, baina Guardia Zibilek ez zuten uzten herrira sartzen; kontrol ugari zeuden. Herrian amorru eta haserre handia sumatzen zen.
Hilkutxa Zestoako kaleetatik igaro zuten lagunek, eta gure etxera ere ekarri zuten, hala nahi izan zuten amak eta aitak. Kanposantuko unea ere izugarri gogorra izan zen. Guardia Zibilek ez zioten inori sartzen uzten, eta Xabinen lagunek ezin izan zuten agurtu. Ez ziguten utzi Xabin behar bezala agurtzen.
Aipatu duzuen bezala aurten GALen biktimei barkamena eskatu die Gogora-k, nola hartu zenuten notizia?
Marije: Ondo hartu genuen. Uste dut pauso garrantzitsua dela, baina egia da oraingo egoera ikusita, askoz errazagoa dela barkamena eskatzea, lehen egitea baino.
Ongi hartu genuen. Urrats garrantzitsua iruditzen zait. Hala eta guztiz, gaur eguneko testuinguruan, barkamena eskatzea askoz errazagoa da lehen egitea baino.
Marijo: Barkamena eskatu digute 40 urtean ezer egin ez dutelako, eta hori bera barkamen mota bat da; baina ez dugu sentitu damutasunetik egindako barkamena izan denik. Egia da aurrerapauso esanguratsua dela, eta gure egoeran dauden familia askorentzat bide berri bat irekiko duela.
Uda aurretik hasi ginen Gogora Institutuarekin bilerak egiten, eta lehendakariarekin izandako bileretan iruditu zitzaigun bere borondatea zintzoa zela. Era berean, María Jesús San José Lópezek, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak, pertsonalki adierazi zigun bihotzez sentitzen zuela, eta hau hasiera bat besterik ez zela. Ikusten zen sentimenduz hitz egiten zuela. Nik benetan sinistuko dut barkamena eskatu digutela, egunen batean gertatutakoa zergatik izan zen argitzen denean.
Erakusketa ere antolatu dute Xabin eta kideen omenez; pentsatzen dut zuekin harremanetan izan direla.
Marije: Donostian dago erakusketa, eta aurkezpen egunean bertan izan ginen. Aretoa alderdi politiko guztietako ordezkariz beteta zegoen.
Marijo: Gogorarekin bilerak egiten hasi ginenean proposatu ziguten erakusketa hau. Zalantzak izan genituen, baina azkenean aurrera egitea erabaki genuen. Panelez osatutako erakusketa da, eta Monbarreko atentatuaren xehetasunak zein GALen terrorismoaren ibilbidea azaltzen ditu. Nik proposatu nien erakusketa hau herriz herri zabaltzea. Ederra litzateke Zestoara ekartzea.
Eta hiltzaileak? Zer izan da haietaz?
Marijo: Dirudienez, bi mertzenario izan ziren. Hauen juizioak bai izan ditugu. Kondena luzeak ezarri zizkieten, baina alferrik. Guretzat, hori ez da inoiz izan garrantzitsuena.
Pentsatzen dut gaur egun kalean izango direla, ez dakit. Epaiketan aitortu zuten Espainiako zerbitzu sekretuek kontratatuta jardun zutela, eta horrek, tamalez, kondenak arindu zizkien.
Marije: Etxean Xabini buruz hitz egiten dugu sarri, baina ez hiltzaileei buruz. Ez da gure artean landu izan dugun gaia, ezta etxean ere; ez dugu horretan galdu gure indarra.
Hiltzaileen edo arduradunen zigorrak goxatzen du mina?
Marije: Mertzenario batzuk izan ziren, ordaindutakoak. Beraien zigorrak ez du gure mina baretzen. Horiek diruagatik egin zuten eta ez beraien kontra zerbait pertsonala izateagatik.
Etxean Xabini buruz sarri hitz egiten duzuela diozue. Zuenean bi belaunaldi berri etorri dira Xabin hil ondoren, nola kontatzen da familian horrelako gertakari bat?
Marije: Betidanik, erabateko normaltasunez kontatu izan diegu seme-alabei gertatutakoa. Orain jaiotako txikienek ere badakite guztia; monolitora joaten dira, kanposantura ere bai… Gogoratzen dut biloba batek, zortzi urte zituela, esan zidala: “Niri azaldu egin behar didazue zer gertatu zen”. Eta hala egin genuen. Orain ere, Baionako ekitaldian gurekin izan dira. Etxean beti normaltasun osoz jardun dugu.
Herrian ere urtero-urtero egiten zaio omenalditxoa.
Marije: Asko eskertzen dugu jendeak urterik urtera akordatzea, lagunak eta herritarrak urtero bertaratzea.
Marijo: Gure amarentzat, adibidez, une gazi-gozoa izaten da. Beti daude urduritasuna eta emozioa, oroitzapen guztiak berriro pizten direlako, baina gustura bizi du. Urtero-urtero denak Xabinen eta gertatutakoaren baitan biltzea oso polita da.
40 urteren ondoren zer da eskatzen duzuena, zer faltako litzateke?
Marijo: Lau hilketa horien benetako erantzulea zein den jakitea falta da, eta hori publikoki aitortzea. Norbaitek, behingoz, hori esan eta bere gain hartu beharko luke. Gure mina hor dago, eta bizitzen ikasi dugu harekin, baina oraindik falta da egia osoa jakitea.
Guk jarritako hazi horrek jarraipena izan behar du: ahaztuta dauden edo inoiz gogoratu ez diren familia guztien memoria bizirik mantentzea. Memoria egitea funtsezkoa da, baina egunen batean agindu hura eman zuenaren izena publikoki ezagutaraztea litzateke benetako aitorpena.
Oihane Goikoetxea
