Maiatza 2026
— 2026-06-03Irakurri 282. zenbakia hemen.

Abenduaren 16tik 19ra bitartean Donostiako Lurralde Auzitegian epaitu zituzten sei lagunak absolbitu egin ditu epaileak. Gizon baten aurkako integritate moralaren kontrako delituak egitea egotzita eseri zituzten akusatuen aulkian, baina epaileak errugabetzat jo ditu guztiak, eta ez dute fiskalak eskatutako zigor ekonomikorik ere ordaindu beharko.
Epaituen defentsak gaur jaso du ebazpena. Epaia 44 orrialdekoa da, eta haren irakurketa zehatza egiten ari dira oraindik. Hala ere, lehen informazioen arabera, sei akusatuentzat absoluzio osoa jasotzen du sententziak.
Auziaren harira, salaketa jarri zuen herriko gizon batek bere bikotekide ohia nahiz hura babestu zuten lau lagun eta herriko alkatea epaitu zituzten. Epaiketan, akusazioak gizonezkoaren integritate moralari egindako kaltea frogatzen saiatu zen. Defentsak, berriz, akusatuek egindakoa indarkeria matxistaren biktima bati emandako laguntza eta elkartasunaren adierazpena izan zela defendatu zuen. Epaiketan hainbat lekukok deklaratu zuten, tartean indarkeria matxistaren biktimak berak eta akusatuen aulkian eserarazitako pertsonek.
Epaia oraindik ez da irmoa, izan ere, salaketa jarri zuen aldeak helegitea aurkezteko aukera du. Horregatik, behin betiko bihurtu arte epe bat igaro beharko da. Epaia sakon aztertu ondoren egingo dute balorazio zehatzagoa akusatuek eta haien defentsak. Oraingoz, bost hilabeteren ostean, auzian epaitutako sei lagunak absolbitu dituela jakin da.
Zestoako Talde Feministak herritarren artean zabaldutako WhatsApp mezu batean eman du berri. Bertan, honako mezua helarazi dute:
“Gaur jakinarazi digute epaia eman duela epaileak. Oraindik irakurketa eta balorazioa egiteko gaude, baina seion absoluzioa jasotzen du. Herritarron ahotsa, zuona, gurea bat eginda! Eskerrik asko bidelagun guztioi injustizia ikaragarri honi duintasunez eusten laguntzeagatik! Elkartasuna ez baita delitua! “
Epaiketa hasi bezperan, gainera, Zestoako Talde Feministak deituta, auzipetuei babesa adierazteko elkarretaratze oso jendetsua egin zuten herriko plazan. Norbanakoez gain, herriko 27 eragilek egin zuten bat deialdiarekin.