Maiatza 2026
— 2026-06-03Irakurri 282. zenbakia hemen.

Jendetza bildu zen atzo arratsaldean eskolako ekitaldi aretoan pantailen erabileraren inguruan antolatutako hitzaldian. Hizlarien azalpenen ondoren egindako galdera ugariek agerian utzi zuten gaiak kezka sortzen duela herriko familien artean.
Saioari hasiera Nerea Goikoetxea zinegotziak eman zion, eta Ane Mendizabalek, Altxa Burua taldeko kideak, taldearen ibilbidea aurkeztu zuen. Hitzaldia Altxa Burua taldeak antolatu zuen, Udalaren babesarekin.
Itxaso Marti neuropediatrak 0-6 urte bitarteko haurrengan pantailen gehiegizko erabilerak izan ditzakeen ondorioak azaldu zituen. Besteak beste, arreta arazoekin izan dezakeen loturaz eta pantailak “txupete emozional” gisa erabiltzeak dituen arriskuez aritu zen.
Gurutze Lopetegik, berriz, nerabeen errealitatea izan zuen hizpide, eta pantailen erabileraren eta adikzioen arteko lotura azaldu zuen. Nabarmendu zuenez, erabilerak eskola errendimenduan, atsedenaldian edo harremanetan eragiten duenean, arazo baten aurrean egon gaitezke.
Onintza Iruretak gidatutako saioan, pantailak egunerokoaren parte direla onartu arren, erabilera osasungarriagoa egiteko hainbat gako partekatu zituzten hizlariek. Hitzaldia galdera-erantzunen tarte mamitsu batekin amaitu zen.

