Uztaila 2026
— 2026-08-25Irakurri 284. zenbakia hemen.

Amabirjinen inguruko gogoeta plazaratu du Zestoako Udalak irailaren 14ko adierazpen batean. Festetako giroa eta antolaketan egindako hobekuntzak nabarmendu baditu ere, azken egunean izandako eraso larriak balorazioa baldintzatu duela azaldu du: “Tamalez ordea, azken eguneko gertakari larri batek ilundu dizkigu aurtengo festak”.
Udalaren arabera, parranda giroko ordu txikitan pertsona bat “era basatian kolpatua izan da”. Erasoaren ondorioz, lepa-uztaia hautsi zioten eta buruan zauriak eragin zizkioten. Donostia Ospitalean ingresatu zuten, eta, adierazpena argitaratu zutenean, neurologia zerbitzuaren zaintzapean jarraitzen zuen.
Udalak irmoki gaitzetsi du gertatutakoa, eta elkarbizitzaren aurkako erasotzat jo ditu halako jarrerak: “Eztabaidarik sutsuenak ere pertsona baten aurkako horrelako erasorik ez du justifikatzen eta antzeko jarrera bortitzak guztion elkarbizitzaren aurkako erasotzat hartzen ditugu”.
Festen gainerako balorazioari dagokionez, “ekitaldiak jendetsuak izan dira eta festetan giro sanoa izan da nagusi” adierazi du Udalak. Zikinkeria eta lehen larunbateko hainbat txikizio aipatu ditu, baina aurreko urteetako antolaketa arazo batzuk saihestea lortu dela ere azpimarratu du.
Bereziki, gazte eguneko “Antton Etxera” herri bazkariaren eta kuadrillen eguneko paelladaren ondorengo jasotze lanak nabarmendu ditu: “Antolatzaileek eta herritarrek egindako lanari esker, inoiz baino txukunagoa eta ordenatuagoa izan da otordu herrikoi hauen jasotzea”.
Adierazpena amaitzeko, erasoa jasan duen pertsonari elkartasuna helarazi dio Udalak, eta hura artatu eta osasun zerbitzuei deitu zieten herritarrei eskerrak eman dizkie.
Adierazpen osoa Zestoako Udalaren webgunean irakurgai dago.