Amillubiren bigarren urteurrena: jauzi estrategiko baten abiapuntua
Danbolin— 2025-12-03Abenduak 14an ospatuko dute bigarren urteurrena amillubitarrek. Goizean zehar auzolana, ekitaldia, Amillubiren bisita, mokadutxoa,… egongo dira. Gonbidapena luzatu nahi dizuete guztioi bertara gerturatzeko eta urteurrena guztion artean ospatzeko.
Fase berri bati ekitera doa Amillubi proiektua: datozen urteetarako plan estrategikoa diseinatuko da, batetik, eta ‘Eskola Haziak’ dinamika jarriko da martxan, bestetik.
Abenduan beteko dira bi urte Biolur elkarteak bultzatuta, agroekologiaren aldeko Amillubi proiektua aurkeztu zela, eta hain zuzen, urteurrenarekin batera, sustatzaileek azaldu dute fase berri batean sartzera doala egitasmoa: “Izan ere, Amillubi ekimenaren lehengo urteetan, taldea buru-belarri ibili da diru-bilketa eta lurraren aktibaziorako lanetan, baita hau dena gizarteratzen ere. Eta orain, etapa berri bati ekitera goaz, amesten dugun Amillubi eraikitzen hasteko”.
Etapa berri honetan, hemendik eta 10-15 urtera Amillubi nola irudikatu definitzen hasiko dira eragileen artean; zein proiektu aurrera atera nahi diren, zein filosofia gidaritza sustatuko den… Datozen 18 hilabeteetan ‘Utopiak Eraikitzen’ izeneko prozesua egingo dute: alde batetik, epe ertain-luzera begirako plan estrategiko bat osatzeko, eta bestetik, ‘Eskola Haziak’ dinamika publiko zabalari eskaintzeko.
Plan estrategikoa osatzeko Asunek Behatokiarekin lankidetzan arituko da Amillubi eta saioetan ikerketa eta planifikazioan sakontzeko asmoa dute: “Zehazki, epe ertain-luze batean Amillubiko lurretan garatuko diren proiektuak definitzea eta horiek izango duten egitura juridikoa zehaztea izango da etapa berri honen helburu nagusia”.
Bestalde, ‘Eskola Haziak’ dinamika abiatuko dute. Orain arte egindako auzo-planek egitura berritu bat izango dute, eta datorren urtean 7 ‘Eskola Hazi’ martxan jartzea aurreikusten du taldeak. Auzolanak egingo dituzte, eta ondoren gai ezberdinen inguruko hitzaldiak, tailerrak eta bestelako ekintzak. Ekonomia sozial eta eraldatzailea, ikuspegi ekofeminista eta interkulturala eta bioeraikuntza izango dira urte honetarako eskola hazien gai nagusiak.
Amillubiren etorkizuna guztien artean, modu kolektiboan eraikitzen joateko mugarri garrantzitsua izango da abiatuko duten prozesua Amillubirentzako.

Egin zaitez bazkide

